“Aukerak izatea ez da erraza eta daukazun bakar hori aprobetxatu behar duzu”

Nerea Eizagirre 2008ko ots. 4a, 01:00

Beñat Larrañagak 23 urte ditu, lasateoriatarra da eta Eibarreko bigarrengo taldeko jokalaria den arren, iaz lehenengo taldean egin zuen debuta. Aurten lehenengo taldearekin egin zuen aurre-denboraldia eta lehenengo jardunaldian berriro ere Eibar taldean jokatzeko aukera izan zuen. Egun batzuk gaixo egin ditu eta etxean dagoela aprobetxatuz, berarekin hitz egin dugu.

Nerea Eizagirre

Lasarteoritarra edo usurbildarra?
Komunikabideetan batzuetan gauza bat jartzen dute eta besteetan bestea. Nahiz eta hamaika urte daramatzaten Usurbilen bizitzen, nik lasartearra naizela esaten diet galdetzen didatenean. Bizitza Lasarte-Orian egin dut, hemen eta orain Eibarren.

Non hasi zinen futbolean jokatzen?
Gehienon antzera ikastolan hasi nintzen. Hala ere Landaberrin ikasita Sasoetan jokatzen nuen. Gero, eskola kirola egitasmoarekin Landaberrin. Hortik Añorgara, Añorgatik Eibarrera Alavesetik pasata.

Eta aldaketa horiek nola gertatu ziren?
Anaiak Añorgan jolasten zuen eta aitak ere bertan jolastu zuelako. Probatzeagatik! Egia esan, koadrila erdia joan ginen. Ikustekoa izan zen. Orduan Urnietan egin zituzten probak eta Añorgak izen handia zuenez, 150 bat pertsona joan ginen. Orain ez da horrelakorik ikusten. Añorgan bost urte pasa nituen eta denboraldi on bat atera zitzaigun
Orduan Alavesetik deitu eta hara buruz joan nintzen. Alavesen lau urtez jokatu nintzen, ez ziren nire urte hoberenak izan. Baina ikasketak egoteko aprobetxatu nuen. Kontratua bukatu eta nirekin kontatzen ez zutela esan zidaten. Zerbait ateratzen zen zain egon nintzen eta azkenean Eibarreko atera zitzaidan.

Lateral postuan jokatzen duzu , ezta?
Hori da nik entrenatzaileekin dudan diskusioa. Ni berez zentrala naiz, Añorgan eta Alavesen postu horretan jokatu dut, nahiz eta partida batzuetan lateral jokatu. Eibarrera iritsi eta bigarren taldeko entrenatzaileari zentrala nintzela esan nion eta hori da nire lekua. Lehenengo taldera igo naizenean lateralean jolastu izan dut, baina goien edozertaz jokatzen zara.

Nola igo zara bigarren taldetik lehenera?
Iaz hasi nintzen lehenengo taldearekin entrenatzen. Aukera hori zegoela komentatu zidaten eta astean behin joaten nintzen, haiek goizetan entrenatzen duten eta nik ordu horietan ikasten nagoenez. Iaz, gainera, debuta izan nuen, bajak baitzituzten.
Aurten aurre-denboraldia lehenengo taldean egin nuen. Eta intentzioa zera zen, lehenengo taldeko jokalari bezala bi urte sinatu, baina bat kanpoko taldean jokatzea. Ezetz esan eta behean geratu nintzen. Hala ere, lehenengo jardunaldian kanpaiak jo zuen eta ez nuen oso ondo egin baina berriro ere lehenengo talderekin jokatu nuen.

Urduritasuna izango zen
Urdurik jartzeko denborarik ez nuen izan eta! Lehenengo jokaldia, sartu eta pum nire aldetik gola. Beste bost minutuetan badakit gauzak ondo egin nituela. Bakoitzak badaki noiz jokatzen duen ongi eta noiz gaizki eta gauzak egoki egin nituela iruditzen zait.

Nola izan zen bigarren mailan jokatzea?
Lehenengo aldian ez nuen espero. Denborarekin agian beste era batera ikusiko dut, baina normala iruditu zitzaidan. Eibar talde umila da, inguruko jendeaz osatua, gehienak euskaldunak dira eta erraza da haiekin jokatzea.
Honetaz gain, bigarren mailan jokatzea, berezia da. Iritsi eta izugarrizko futbol zelaia ikusten duzu, harmaila handiak, zale asko eta prentsako jendea. Partidan, berotu eta hodei baten sartuta bezala sentitu nintzen. Gainera, ez nuen atera behar, momentuko erabakia izan zen eta, egia esan, ez nintzen ezta konturatu ere egin.

Erantzukizun handia al da Eibarren titular bezala jokatzea?
Iaz jokatu nuen titular Eibarrekin eta ondo egin beharraren sentsazioa nuen. Aukerak izatea ez da erraza eta daukazun bakar hori aprobetxatu behar duzu. Aurten lasaiago atera nintzen. Taldekideak hobeto ezagutzen ditut eta horrek asko laguntzen du.

Eta Ipuruan jokatzea nolakoa da?
Bitan jokatu naiz, bata iaz eta oso pozgarria izan da niretzat. Oviedoren aurka jokatu genuen. Nahiz eta behera egin duen taldea izan, urte askotan lehenengo mailan ibilitako taldea da, eta hauen 200 edo 300 zaletu zeuden. Izugarrizko iskanbila zegoen eta polita izan zen. Ipurua zelai berezia da, oso txikia eta polita. Nahiz eta jende gutxi egon gertu nabari duzu eta asko laguntzen du horrek.

Larunbatean jokatuko den Eibar Erreala derbian, jokatzeko esperantzarik?
Nahiago nuke jokatzea. Baina gauza asko gertatu beharko lirateke aste honetan zehar. Lesio gehiegi. Nahiz eta egun batzuk gaixo egon naizen, ziurrenik bigarren taldearekin arituko naiz Durangoko kulturalaren aurka.

Espero al duzu lehenengo taldetik bigarrenera salto ematea?
Aurten berriro ere kontratua bukatzen dut eta zaila da. Esperantza txikia dut, iazko proposamen bera egitea.

Eta proposamen hori onartzen baduzu, non jokatuko zenuke?
Bigarren B mailako Barakaldora joateko aukera izan nuen aurten. Oso urruti joateko intentziorik ez dut. Onena Eibarren geratzea izango litzateke, baina...

Zure etorkizuna non ikusten duzu?
Ikusi ez dakit, nahi futbolean jolasten. Asko gustatuko litzaidake. Lasai egoteko magisteritzako ikasketak hor ditut, ze futbolarena oso zaila da.•