"Alkoholismoak gizarteko estamentu guztietan du eragina"

Txintxarri 2008ko otsailaren 4a

Alcohólicos Anónimos elkarteak Lasarte-Orian talde bat jarriko du martxan

Txintxarri

Alcohólicos Anónimos elkarteak talde berri bat sortu du Lasarte-Orian eta Villa Mirentxun izango du egoitza. Ekimena erabiltzaile baten eskaerari jarraituz martxan jarri dute eta Gizarte Zerbitzuetako sailak aproposa ikusi du elkartearekiko gertutasuna eskaintzea. Ekimena ostegunean, urtarrilaren 31n aurkeztu zuten Manuel Lekuona kultur etxean.
AA talde berri honekin 38 izango dira guztira Gipuzkoan. Elkartetik aipatzen duten moduan, "alkoholismoa gizarteko estamentu guztietan eragina duen arazoa da".
Eta zera atxikitzen dute, "alkoholiko guztiek planteatu dute noizbait edaria uztea baina bere kabuz ez dute lortu; planteamendu horrekin berarekin iristen zara Alcohólicos Anónimos talde batera eta edateko obsesioa desagertu egiten da, hori da misterioa. Bakarrik ez zaudela ikusten duzu, bakardadearen barrera botatzea da sekretua".

Guztion arazoa
Lourdes Acevedo Gizarte Zerbitzuetako lehendakariaren hitzetan, "guztion arazoa da alkoholismoa eta erantzunak eman behar ditugu, izan ere, gero eta gazte gehiagorengan du eragina".
Alcohólicos Anónimos elkarteak dituen datuen arabera, pertsonen %40a 16 urte baino gutxiagorekin hasten da edaten, %18a 16 urtetatik 17rako adin artean eta %17a bai 17 eta 20 urte artean, baita 20tik gora ere.
Eta honi arazoak gehitu behar zaizkio. Adinari dagokionez, %20a 20 urteak bete baino lehen sortzen dira lehenengo arazoak eta %25a 24 eta 25 urte artean.
Autofinantzaketa
Honetaz gain, elkarteko talde bakoitzak bere mantenua bermatu behar du, ez baitute kanpoko diru laguntzarik onartzen. Ondorioz, autofinantzaketa bidez mantentzen dira. Talde kide bakoitzak nahi duen diru kopurua ematen du. Hala ere, A.A.ko elkarteak azaltzen duenaren arabera, ez dute diru askorik behar honetarako.

Bilerak
Alcohólicos Anónimos taldeak bilera irekiak eta itxiak antolatuko ditu.
Irekiak alkoholismoaren inguruan interesa izan dezakeen edozein pertsonari zuzenduak egongo dira, ez arazoa dutenentzako bakarrik. Hileroko lehen asteartean izango dira eta lehen hitzordua otsailaren 5ean izango da 19:00etan. Alabaina, hurrengo bileretarako ezarri duten ordutegia 20:00ak dira.
Bilera itxiak, aldiz, edaria utzi nahi duten pertsonentzako izango dira. Urteko astearte eta ostegun guztietan egingo dituzte, arratsaldeko 20:00etatik 22:00etara, jai egunak izan edo ez. Asistentzia erabat anonimoa izango da eta nahiz eta Villa Mirentxun antolatu, Udaleko Gizarte Zerbitzuek ez dute ezertan eraginik izango.
Alcohólicos Anónimos elkartetik azaldu duten moduan, "alkoholismo arazoa duen pertsona bat ezin da behartuta eraman honelako talde batera, lagundu diezaiokeen leku bat dagoela ulertu behar du". "Taldea nahi duenarentzako da, ez behar duenarentzako", diote jarraian.
Honela, alkohola utzi nahi duten pertsonek bilera egunetan Villa Mirentxura gerturatzea besterik ez dute.•