Ze harrera izan du osteguneko jardunaldiak?
Ostegunekoan, 70 bat etorri ziren. Partaidetza ikusgarria da, 16 jardunaldietan 1000 teknikaritik gora pasa dira eta gehiengoak profesionalak izaten dira. Lehenengo jardunaldian mini eoliken gaia landu genuen eta ikusi dugu denbora honetan eolikak indar asko hartu duen teknologia dela. Beraz, berriro ere berreskuratu dugu gaia, baina oraingoan urte hauetan honen inguruan eman diren berrikuntzak aztertu ditugu. Lau hizlari egon ziren eta lauak bat zetozen 2008a mini eliolikoaren urte izango dela.
Jardunaldiak zeini daude zuzenduta?
16 jardunaldi antolatu ditugu: 9 teknikoak, bereziki profesionalentzako zuzenduta daudelako eta 6 dibulgaziozko jardunaldiak. Azken hauek, erakundeetako teknikoentzako zuzenduta daude bereziki. Dibulgazioetako jardunaldietan energi berriztagarrien eraginkortasuna eta aurreztea lantzen dugu. Hau da udaletxeetan, foru aldundietan interesa gehien duten gaiak: argi kutsadura, eraikin publikoetan energi aurreztea...
Partaidetza ikusgarria izan da. Hamasei jardunaldietan 1000 teknikaritik gora pasa dira. Baina administrazioetako teknikari gutxi etortzen da, nahiz eta, gaiak nahiko praktikoak diren. Gainera, etortzen diren enpresak prest egoten dira laguntzeko eta batzuek dohainik egingo lukete. Hala eta guztiz ere, emaitzekin oso kontentu gaude eta ildo berean jarraituko dugu.
Zeintzuk dira mini eolikaren abantailak eta desabantailak?
Ingurumenean ez dauka eolika handiek duten inpaktua. Nahiko txikiak direnez, 10-12 metrokoak, leku txikietan jarri daitezke, hau da, ez da parke handi bat behar. Baimenak ez dira oso zorrotzak eta udaletako teknikariek ez dituzte oztopo handirik jartzen. Energia elektrikoa sartu dezakezu saretik kanpo. Kontua da haizearen indarra ez dela beti berdina, eguzkia nahiz eta ez ikusi hor dago, haizea berriz ez. Parke handietan, energia produkzio lekutik kontsumitzen den lekura eraman behar da eta hor izugarrizko galerak daude. Aerosorgailu txikiak etxetik gertu jarri daitezke, beraz galerak oso txikiak dira. Abantailak baditu, baina desabantailak ere bai.
Egunen batean energia berriztagarriek alternatiba izateari utziko al diote?
Espero dut baietz. Pena da energia alternatiboak entzutea, ez dira alternatibak berriztagarriak baizik. Alternatiba zeozerri alternatiba bat ipintzea da. Uste dut errealitate bat direla, baina egun herrialde baten kontsumo energetikoan indar gutxi dutela oraindik. Baina, uste dut aurrera goazela. 2012rako kontsumitzen dugun energiaren %12a berriztagarria izan behar du eta Bruselasetik 2020rako %20a izan behar duela esaten ari dira. Beraz, horizonte hori oso gertu daukagu.
Nola lortu dezakegu hori?
Guretzako erronka handia da aipatutako datuak lortzea. Uste dut, gobernuek energi berriztagarriak bultzatu beharko lituzketela eta jendeak dirua jarri beharko lukeela. Uste dut jendea prest dagoela eta dagoeneko, euren dirua energia berriztagarrietan gastatzen ari dira, nahiz eta amortizaziorako hainbat urte behar dituztela jakin.
Partikular batentzako zein kostu du?
Kilowatt bakoitza 6000 eurotako kostua du, gutxi gora behera. Termikoa pixka bat merkeagoa eta eraginkorragoa da. Pertsona bakoitzeko metro karratu bat kalkulatzen da eta honek urtean zehar ur beroaren %60a asetzen du, iparraldean. Panel bat edo bi, instalazioa barne 4.000 eurotan egon daiteke. Mini eolikak egiten dituzten enpresak txikiak dira eta makinak nahiko artisauak dira. Produkzioa txikia denez, prezioa nahiko altuak dira. Makinek ekoizpena handitzen badute, merkeagoa izango da.
Zer behar da eskaintza
handitzeko?
Hizlari guztiak ados dauden ezin bestekoa dela gobernuen bultzada eta ez bakarrik dirulaguntzekin. Hemen eolika txikiak egiten dituzten enpresa pare bat badaude eta instalatzaile oso onak ditugu ere. Lan asko egin behar da eta produkzioa handitu merkeagoa atera dadin. Saritu gaituztenak harritzen dira Euskal Herrian energia berriztagarriekin lanean ari garelako. Eguzkia beti dago hegoaldeko herrietan eta teknologia, berriz, iparraldeko herrietan.
Administrazioetatik zergatik ez da energia berriztagarrien alde benetako apustu egiten?
Gobernutik energia berriztagarrien aldeko apustu garbia egin du. Eolika handiek izugarrizko bultzada izan dute, sareari konektatuta dagoelako eta nazio batentzako estrategikoki interesgarria delako. Gauza bera gertatu zitzaion fotovoltaikari -eguzki indarra aprobetxatuz energia elektrikoa sortu-. Hau ere sareari konektatuta dagoelako eta diru irabazten duzu kilowatt orduko bakoitza 44 zentimotan saltzen da. Hor negozio bat ikusi zuten, baina negozio horretatik at bezero txikiak geratu dira, partikularrak. Bultzada handia izan du, industrian diru asko inbertitu delako. Egun, eraikin berrietan hauek jartzea derrigorrezkoa da. Lasarte-Orian eraikitzen ari diren etxebizitzetan eguzki panel termikoak ikusiko ditugu.•