Itziar CARRASCO
Gripea gaixotasun infekto-kutsagarria da, batez ere goiko arnasbideei eragiten dien birus batek eragindakoa eta gizakion organismoan izugarrizko eragina duena. Gaitz oso larria ez den arren, oso gogaikarria izaten da gaixoarentzako. Negu honetan gripe epidemiataz hitz egin da, baina Jauregi doktoreak esan digunez ez da hain besterako: "Iazko datuak ikusten baditugu, aurtengo gripe kopurua iazkoaren azpitik dago, beraz ez da larritzekoa. Aurten puntu gorena urtarrileko 2.astean, iaz hilabete beranduago ia. Aurten gertatu dena da, beste birus batekin koinziditu duela, gastrointiritisarekin. Jendea buruko mina, botaka eta beherakoarekin egon da. Horregatik dirudi besteetan baino gripe gehiago dagoela.”
Atsedena eta likidoak
Bostgarren egunerako normalean sintoma gehienak desagertzen dira, baina estula eta ahulezia jarraitu dezakete. Eta guztiz sendatzeko, hau da, sintoma guztiak desagertzeko, aste bat edo bi igarotzen dira. Beraz, pazientzia eta zuen burua zaindu. Medikuek gripea serio hartzeko gomendatzen dute, zaintzen ez bagara neumonia batean edo bestelako konplikazioekin bukatu dezakegu eta. Jauregi doktoreak azaldu digunez, errefortzuko medikuak jarri behar izan dituzte: “oraindik errefortzuko medikuak ditugu. Gripeak behera doan arren, neumoniak eta bestelako konplikazioak izan dira”.
Gripeak ez du sendabiderik, sintomen aurka egitea besterik ez zaigu geratzen, hau da, estula, sukarra eta minaren aurka. Likido ugari edatea eta atsedena hartzeagomendatzen digute medikuek. Beraz, gripea pasa egin behar da eta antibiotikoak hartzea ez duela ezertarako balio gogoratu digu Jauregi doktoreak.
Kontagioari dagokionez, gripearen birusa oso arin eta azkar hedatzen da, estula edo doministikoekin bat doazen ur ttanttak birusak infektatuta daude. Sintomak irauten duten bitartean, gaixoak gripea kontagiatu dezake. Horregatik, gaixo dagoena etxean geratu dadin gomendatzen dute, bai deskantsua behar duelako, bai gainontzekoak ez kontagiatzeko.
Txertoaren garrantzia
Gripea harrapatzeko harrisku gehien umeek eta gazteek izaten dute, baina harrisku-taldea gripearen aurrean konplikazioak izateko aukera gehien dutenak ondorengoak dira: adinekoak, eta bihotzeko, arnas-aparatuko, giltzurruneko edo metabolismoko gaixotasunak dituztenak.
Jauregik txertoari garrantzi handia ematen dio. Lasarte-Orian kaptazioa kanpaina aktiboa burutu dutela kontatu digu, baina hala eta guztiz ere ez dute helburua lortu, hau da, harrisku taldeko %70ak txertoa jarri dezan. “Aurten %65era iritsi gara. Inoiz ez dugu %70ari txertoa jartzea lortu. Oraindik badago talde bat ez duela nahi. Askok oraindik idei zahar bat dute buruan, txertoa hartu ondoren katarro pilo bat hartu dutela... baina txertoa gripearentzako da, ez katarroarentzako”. Jauregik Harrisku taldekoek txertoa jarri dzaten gomendatzen die.
Kontutan izan behar da jende multzo handia biltzen den lantokietan ere gomendatzen dela gripearen aurkako txertoa jartzea. Giro hauetan gaixotasuna oso erraz zabaldu daitekeelako: hospitaleetan, industrian, bulegoetan, eskoletan... Hala eta guztiz ere, txertoa gaixotasuna iritsi aurretik hartu behar da.
Kontutan izan behar da iaz jarri genuen txertoak aurtengorako ez digula balio. Gripearen birus ezberdinen ezaugarri nagusia, mutatzeko duten gaitasuna da. Urte batetik bestera ezezik, urte berdinean aldaketa gerta daiteke eta birusaren azpimotak agertzearen ondorioz, txertoak ez dira eraginkorrak.•