Erreka Mari, Euskal Mitologiako pertsonaia batean oinarritutako elezaharra izan zen larunbatean Manuel Lekuona kultur etxeko aretoan. Nahiz eta haurrentzako istorioa izan, guraso ugari egon ziren txotxongiloen antzerkiaz gozatzen eta abesten, izan ere denek ezagutzen zuten Erreka Mariren abestia. Berak hala eskatuta, denek abestu zuten.
Kontu honek umorez eta samurtasunez kontatzen dizkigu Erreka Mari eta Martinek gainditu behar dituzten arazoak. Izan ere, herriko jendeak Erreka Mari hil nahi du desberdina delako. Encarni Genuaren lanen artean gehien antzeztutako istorioa da, izan ere, maitasunaz, gure ingurunearen zaintzaz eta gainerakoekiko errespetuaz hitz egiten du umeek oso ondo ulertzeko moduan.
Txotxongilo Taldea
Txotxongilo Taldea 1971n sortu zuten Enkarni Genuak eta Manolo Gomezek haurrentzako eta familientzako txotxongilo antzerkia egiteko.
Harrezkero etengabe aritu dira lanean eta 22 ikuskizun estreinatu eta 14 ipuin, hainbat liburu didaktiko eta 21 disko argitaratu ditu taldeak.
Une honetan formatu desberdineko 14 lan dituzte errepertorioan eta denek dute etxeko "zigilutzat" jo dezakeguna: ikuskizunaren plastika izugarri zaintzea eta euren ikuslegoarekiko errespetu handia. Ikuslego horretan 3 eta 10 urte bitarteko neska-mutilak eta haurrez gain, interesatzen diren guztiak sartzen dira.Espainiako Nazioarteko jaialdi garrantzitsuenetara gonbidatu dituzte eta beraiek pozik joan izan dira.•