Lasarte-Oriako Merkataritza Mahaia eratu dute

Txintxarri Aldizkaria 2008ko otsailaren 15a

Lasarte-Oriako merkatarien beharrak eta arazoak aztertu nahian, Merkataritza Mahaia eratu eta aurkeztu zuten asteazkenen eguerdian Manuel Lekuona Kultur Etxean.

Merkataritza Mahaia aurkeztu zuten beraz asteazkenean eta bertan Ricardo Ortega, Udaleko Merkataritza saileko arduraduna, Gorka Goikoetxea, Buruntzaldeako merkataritzari laguntzeko kabineteko teknikaria, Aterpeako lehendakaria, Jone Uriarte eta herriko hainbat merkatarik bildu ziren kultur etxean.
Ricardo Ortegak mahai honen helburua azaldu zuen: “Mahaia hausnarketarako eta azterketarako foroa izango da eta bertan Lasarte-Oriako merkatarien egoera, arazoak eta beharrak ezagutzea eta hauei irtenbide bat ematea da helburua. Azken finean, herritarren beharrak, herriaren beharrak dira ere eta merkataritza bizirik baldin badago, herria bizirik egongo da”.
Buruntzaldeako merkataritzako teknikariak, Gorka Goikoetxeak, azpimarratu nahi izan zuen mahaiaren funtzioa. “Merkataritza, Udala eta Merkataritzari Laguntza Teknikorako kabinetearen artean komunikazio eta koordinazioa egonkorra izatea da mahai honen funtzioa. Agente publiko zein pribatuei erabakiak hartzerako garaian hauei laguntzeko xedearekin”.

Mahaikideak
Merkataritza Mahaia Lasarte-Oriako merkatari guztiei irekita dagoela gogoratu zuen Ricardok: “mahaiaren egitura guztiz irekia da, beraz ez zaio atea inori ixten. Gainera, zeharkako zerbait izan behar da. Hau da, mahaian aparkalekuen arazoa azaltzen bada, dagokion alorraren inplikazioa lortu behar dugu.”
Aterpeako lehendakariak baikortasunez ikusten du ekimen hau, “orain artean Udalarekin ez dugu harreman handirik eduki eta orain badirudi beste prestutasuna dagoela eta mahai honen eraketa horren isla da”. Jonek argi utzi zuen ere, Aterpeko bazkide ez diren merkatariek lekua dutela mahaian.
Mahaiak lehenengo bilera otsailaren 21ean, ostegunean egingo du, eguerdiko 13:30ean udaletxean.•