Zer ikus daiteke erakusketan?
Grafito eta pastela margoak erabiliz egindako 56 koadro dira. Nahiz eta abstraktoak eta karikatura batzuk egon, figuratibo eta inpresionismoaren nahasketa dira beste guztiak. Denetarik egiten dut eta ezer gutxi ongi (barre egiten du).
Zergatik aukeratu dituzu pastela eta grafitoa?
Ni grafitotik nator. Beti marrazkiak eginez eta txikitatik zaletasuna izan dut. Jubilatu ostean, kolorea erabiltzen hasi nintzen. Baina olioa eta pintzelak garbitu, dena prestatu, usaia... Ni oso komodoa naiz eta anarkikoa gainera. Lan egiten dut orain hamar minutu, banoa, paseoa eman ostean etxera iritsi eta argi bat falta dela, hartu barra eta margotu. Errazena eta garbiena da niretzat.
Garbiena? Pastela eta grafitoarekin ez al dituzu eskuak zikintzen?
Beno, bai. Oraindik azken koadroko arrastoak baditut. Horretaz gain, hautsa botatzen du. Baina hori emazteak esango dizu.
Beste teknikarik probatu al duzu?
Bai, noski. Olioa, akuarela, lumatxo, guache. Baina pastela eta grafitoa dira gustuko ditudanak. Gainera, emazteak zera esaten dit, egidazu akuarela polit bat. Eta baditut bi edo hiru eginak, mailakoak. Baina ura hartu beharra, hartu pintzelak... beno, beno.
Noiz hasi zinen margotzen?
Txiki txikitatik hasi nintzen margotzen, edozer gauza. Nire arreba eta aiten karikaturak egiten nituen eta pixkanaka ikasten nuen.
Gainera, nik hogeita hamabi urte egin ditut bidaiatzen, komertzial lanetan, Madrilen, Zaragozan, Salamancan eta han ere karikaturak egiten nituen, tabernetan.
Lehengo egunean Madrilera joan ginen San Pedro elizako koadroren bila, hain lagun dudan Antonio Merceroren etxera. Nik kluben izenak esaten nizkion emazteari eta berak zera erantzun zidan ea taberna horietako bezeroen izenik ere gogoratzen nuen. Baina dagoeneko ahaztu zaizkit, hamaika urte dira jubilatu nintzenetik.
Baina margotzen nork erakutsi zizun?
Nire irakaslerik hoberena nire osaba Manuel Lekuona izan nuen, hark piztu baitzuen nire zaletasuna. Lasartetik Donostiara eramaten ninduen erakusketak ikustera.
Eta ostean, La Voz de Españak antolatutako karikatura lehiaketa batean parte hartu nuen. Hainbeste jende aurkeztu zen, nik ez nuela irabaztea espero. Baina gero zuzendariak esan zidan bigarren edo hirugarren postua eskuratu nuela.
Erakusketan zuri beltzeko, zein koloreetako koadroak daude, baina zer duzu gustuko?
Berdin dit egia esan. Behin hasi eta, koadroan sartzen naiz, bai zuri beltzeko lanetan, bai koloretakoetan ere. Esan dudan bezala, 20 minutu margotzen, gero buelta. Nire erritmoa daramat.
Paisaiak eta baserriak dira nagusi, baina abstraktuak ere badaude, nolatan?
Etxean nengoen eta bost egin nituen edo. Baina enmarkazioa da ona, beste munduko gauzarik ez dira.
Orduan, figuratiboa duzu nahiago?
Dudarik gabe. Inpresionismoa egiten dudala esan daiteke. Ez naiz hiperrelista koloreetako koadroetan behinik behin. Zuri beltzean zehatzagoa izan behar da batzuetan.
Erakusketa 6 azken urteetan egindako koadroekin egina da...
2001ean lehenengo erakusketa egin nuen. Duela zazpi hilabete Biteriko dinamizatzaileak deitu eta beste erakusketa bat egiteko eskatu zidan. Ni orduan operatu berria nintzen eta zera esan nion, zer da pre-morte erakusketa? Zorotzak hartu ninduen. Baina beno, ni koadroak non zeuden gogoratu eta hemen gaude. Gainera, honek bizitasuna eman dit.
Lehenengo erakusketan zer aurkeztu zenuen?
Honen antzera, koadroak eta karikaturak zeuden, baina hau homogeneoagoa dela esan daiteke, bestea, berriz anarkikoagoa.
Baina zenbat denbora koadro bat egiteko?
Azkenekoa, Aiako Harria egiteko hilabete pasa nuen, abenduaren 18an hasi eta urtarrilaren 18an bukatu. Baina besteak gehiago edo agian gutxiago ere bai.
Nola egiten duzu lan?
Tokira joaten naiz eta han argazkiak atera eta apunteak hartzen ditut. Gero, normalean, etxean egiten dut lan.
Beraz, banaka egiten al dituzu koadroak?
Koadro bat hasi eta bukatu arte ez dut hurrengoa hasten. Apunteak eta hartuak ditu dagoeneko, kartulinak erosiak,etab. Baina bat bukatu arte ez dut hurrengoa hasten.
Nik etxean txoko bat daukat lan egiteko. Hala egoten da, dena lekuz kanpo.
Beno, karikaturak kalean edo edozein lekutan egiten ditut. Esate baterako, IMSERSOko bidaietara joaten ginenean, jendea marrazten nuen eta eskerrak ematen zizkidaten egiteagatik.
Nola aurkitzen dituzu lekuak?
Hauetako koadro asko enkarguak dira, baserriak, paisai batzuk, etab.
Besteak nire kontuz egindakoak dira, gustatzen zaizkidan paisaiak eta eraikinak.
Lau egun daramatza erakusketak, zein harrera izan du?
Izugarrizkoa. Jende asko dator, gelditu gabe. Eta oso pozik nago izan duen harrerarengatik.
Beraz, lehenengo erakusketaren antzekoa izan al da?
Bai, orduan ere jende asko hurbildu baitzen.
Eta etorkizunean zer, beste erakusketarik?
Dagoeneko erakusketari esker hiru edo lau koadro baditut hitzartuak eta nire moduan poliki- poliki egingo ditut, ahal dudan moduan behintzat.
Erakusketei dagokienez, Jone Altunak Lasarte-Oriako Kultura batzorde buruak nire lanak Lasarteko Kultur Etxean aurkezteko esan zidan, baina koadro guztiak herrira eramatea asko kostako litzaidake.•