Nerea Eizagirre
AEK Muntteri euskaltegiko ikasleek gogor egiten dute lan euskara ikasteko. Baina lana egitea ez da beti hiztegia, irakurketak edo hain ikas errazak diren aditzak lantzea. Horregatik, 5. urratseko hamaika ikaslek idazketa lehiaketa burutu dute, gaia ipuin klasikoen jarraipena.
Guztia ipuin klasikoen gaia jorratu ostean sortu zela azaldu digu irakasleak, “Ipuin klasikoak landu genituen eta horietako baten jarraipena bideoa ikusi genuen. Orduan, pixkanaka denon artean ideia sortzen joan zen eta azkenean emozioa pizteko eta gogoz egiteko lehiaketa antolatu genuen”.
Baldintzak
Lau pausu jarraitu dituzte istorioen jarraipena egiteko. Lehenik ipuin klasiko artean bat aukeratu, ostean jarraipenaren nondik norakoaren ideia izatea, hirugarren urratsa ideiaren garapena egitea eta, azkenik, idaztea, hau guztia irakaslearen laguntzaz noski.
Hala ere, irakasleak aitortu digunez, “badago salbuespenik. Izan ere, ipuin nahasketak ere badaude, Txanagorritxoren istorioarekin hasi eta Hiru txerritxoekin bukatzen den idazlanaren bat”.
Jarraipenaren luzerari buruz, neurri finkorik izan ez dutela aitortu digute, “hasieran orrialde bateko idazlana izatea adostu zen, baina azkenean nahiko librea izan da eta batzuk orrialde eskasa egin dute eta besteek, aldiz, bi”.
Ipuina idazteko Gabonetan aste bete edo hamar egun izan zituzten. Hala ere, aitortu digutenez badago asteburu batean bere idazlana idatzi zuenik.
Epaiketa
Lehiaketari emozio gehiago emateko, ikasleek ezizenez sinatu zituzten lanak eta nahiz eta hasiera batean gelakoek epaitzearen iradokizuna izan, azkenean beste taldeetako ikasleak izan dira epaile lana egin dutenak.
Honela, bi asteetan zehar lanak hormetan egon dira beste ikasleek irakurri eta hiru lehenei puntuak emateko.Eta asteazkenean, otsailaren 13a, botoen kontaketa egin eta emaitza hau izan zen. Txingurri ezizeneko idazlanak 22 puntu eskuratu zituen, Bizentek 17 eta,azkenik, 12 Lepantoko eskugabearen lanak.
Irakasleak aitortu digunez, idazlanik ulergarrienak irabazi du, “beheko mailakoek Txingurriren lana ulerterraza zela behin baino gehiagotan aipatu dute, baita motza ere”.
Jarraitzen erraza
Zenbaketaren momentuan irabazlea ez zegoen. “Lanaren arabera moldatu behar dira ikasleak eta arratsaldean ez badatoz goizetan etortzen saiatzen dira eta, tamalez, Txingurriren kasua hau da”, azaldu digu irakasleak.
Hala ere, beste ikasleekin hitz egiteko astia izan genuen lehiaketa eta euskarari buruz solasean egiteko.
Ipuinaren aukeratzerako orduan kontuan zer izan zuten galdetzean, batzuk ezagunena, besteek jarraitzeko errazena aukeratu zutela esan digute.
Gehienak euskaraz idazteko sakonki pentsatu behar dutela esan digute eta, honetaz gain, gazteleraz pentsatu eta euskaraz idaztea zail egiten zaiela ere aitortu digute. Baina lasai idazten dute, izan ere, zuzenketarako beti prest baitago irakaslea.
Euskararen ikasketari dagokionez, aditzak zailak egiten zaizkiela azaldu zuten, baita klasea ematerako orduan, erritmo karibearra dutela ere.
Oraingoz ez dute lehiaketa gehiagorik egiteko asmorik. Hala ere, kurtso erdialdean daude eta hilabete dezente geratzen dira, beraz, aurrerantzean besterik egiteko aukera irekia uzten dutela esan digute. Animo beraz eta jarrai euskara ikasten.•