Aste Santuak aurten ere jolasez gainezka datoz txikientzat. Bi astez jai hartuko dute ikastolan eta gurasoekin oporretara ez doazenei ongi pasatzeko eta gozatzeko aukera paregabea eskaintzen die herritik atera gabe Ttakun Kultur Elkarteak, Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Batzordearen laguntzarekin, Aste Santuko Txokoak egitasmoarekin.
Aurten, gainera, egun bat gehiago dugu jai, San Jose eguna. Haurrei ez die gehiegi eragiten horrek, beraiek bi aste baitituzte, baina helduok... bost egun beharrean sei izango ditugu jai. Horregatik aurten ez da iaz bezala aste bat edo bestea hartzeko aukera emango; lehenengo astean bi egunetan bakarrik izango baitira txokoak. Beraz, matrikula bakarra egongo da txokoetarako.
Eskaintza martxoko sei egunetarako da: 17, 18, 25, 26, 27 eta 28rako. Goizeko 09:00etatik eguerdiko 13:30ak arteko ordutegiarekin. Izena eman dezakete 2tik 8 urte bitarteko haur guztiek, hau da 1999tik 2005era bitartean jaiotakoak.
Programazioan jolas eta tailer ugari antolatu dituzte: pista jolasak eta sukaldaritza tailerrak (batidoak egiten ikasteko); altxorraren bila jolasa; hainbat eskulan... Gainera zaharrenek ere irteerak egingo dituzte Txuri Urdinera eta igerilekura. Jaialdia egin aurretik denak joango dira Txiki Guayra. Ederki pasako dute bai! Honetaz gain, esan bezala, azken egunean jaialdia egingo dute; bertan Amarauneko panpinen parte-hartzera izango dute eta haurrek dantzak eta antzerkiak prestatuko dituzte, oholtza dekoratzeaz gain, noski. Den-dena apain jarriko dute eta festa ederra egingo dute azken eguna Aste Santuko Txokoei agur esateko.
Izena emateko azken eguna martxoaren 14a izango da eta plaza mugatuak dira. Informazio gehiago nahi izanez gero Ttakun Kultur Elkartearen egoitzatik edo Amaraun ludotekatik pasatzea besterik ez duzue. Edo 943 371448 telefonora deitu.
Gurasoentzako Jolasen ikastaroa
Baina jolasena ez da haurrentzako bakarrik mugatuko. Aurten ere gurasoentzako jolasen ikastaroa antolatu dute Amaraun ludotekan.
Ikastaroa gurasoei eta haurrei zuzendua da, baina argi edukita jolasteko ohituraren sustatzaile garrantzitsuenak gurasoak direla. Jolasa, ekintza askea izateaz gain, ezagutzak oharkabean jasotzeko tresna ezin hobea da, horretan datza jolastearen garrantzia.
Jolas eta Solaseko programaren barne dauden haurrei eta gurasoei, (Sasoeta-Zumaburu ikastetxean eta Landaberri ikastolan) dago zuzendua. 2 urtetik 8 urte bitarteko haurrei eta hauen gurasoei, oro har. Ikastaroa Amaraun ludotekan izango da apirilean, 3 ordutakoa eta doan. Informazioa nahi izanez gero galdetu aipatutako ikastetxeetan, Amaraun ludotekan edo Ttakunen. Animatu jolastera!•