Aste Santuak aurten ere jolasez gainezka datoz txikientzat. Bi astez jai hartuko dute ikastolan eta gurasoekin oporretara ez doazenei ongi pasatzeko eta gozatzeko aukera paregabea eskaintzen die herritik atera gabe Ttakun Kultur Elkarteak, Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Batzordearen laguntzarekin, Aste Santuko Txokoak egitasmoarekin.
Aurten, gainera, egun bat gehiago dugu jai, San Jose eguna. Haurrei ez die gehiegi eragiten horrek, beraiek bi aste baitituzte, baina helduok... bost egun beharrean sei izango ditugu jai. Horregatik aurten ez da iaz bezala aste bat edo bestea hartzeko aukera emango; lehenengo astean bi egunetan bakarrik izango baitira txokoak. Beraz, matrikula bakarra egongo da txokoetarako.
Eskaintza martxoko sei egunetarako da: 17, 18, 25, 26, 27 eta 28rako. Goizeko 09:00etatik eguerdiko 13:30ak arteko ordutegiarekin. Izena eman dezakete 2tik 8 urte bitarteko haur guztiek, hau da 1999tik 2005era bitartean jaiotakoak.