Pertsona ez da bakarrik, bere bakardadean bizitzeko jaio. Gizakia, gizaki denetik, nola edo hala harremandu da besteekin hasieran gorputzaren mugimenduekin, hitzik gabe, gero soinu eta keinuen bitartez, ondoren oinarrizko hizkuntza xinplea asmatuko zuten noski, eta denboraren joanean hizkuntza hori osatu, konpilatu eta aberastuko zen.
Harremana, komunikazioa, ahozkotasuna.
Zeinuen bidez, esan nahia adieraztera, (hizkuntza idatzia) asmatu zenerako, batek daki zenbat denbora igaroko zen.
Kultura batzuetan lehenago besteetan baino. Gurean beti esan izan ohi da oso berandu hasi ginela idazten, inguruan genituen hizkuntzekin konparatuz.
Eta, agian horrexegatik, gure ahozko hizkuntza oso aberatsa izan da. Ahozko hizkuntza aberatsa duen herri batek zer da ziurtatu behar duena, horrela izaten jarrai dezan? Transmisioa noski, eta ahozko transmisio on eta aberats bat izan dezagun? Erabilera.
Bai, azken urteetan, gure ezinaren ispilu bihurtu zaigun hitza. Eginahalak egin arren hobetu ezin dugun indize, madarikatu hori.
Gainera, beti ere, erabileraren kantitateari begiratuz lan egiten dugu, baina gero eta kezkatuagoak gaude, kalitateagatik.
Hizkuntzaren aberastasuna, zer da? Hitz potoloak, ulergaitzak, sarritan ulertezinak? Esaldi luze eta erretorikoak? Aditz inposibleak? Ala, erraztasuna, jarioa, zuzentasuna, egokitasuna?
Ahozkotasun aberatsa duten pertsonek, alferrikako hitz gutxi egiten dute. Ideiak zuzen eta labur komunikatzeko gai dira, esamolde jatorrak ezagutzen dituzte eta erdarakadak saihesten dakite. Adibide egokiak jarri, hitz jario handia, erraztasuna, naturaltasuna, freskotasuna, tokian tokiko berezitasunak ezagutzen dituzte. (Hau ez al da bertsolari baten perfila?).
Non eta noiz eskertuko genituzke, ezaugarri hauek dituzten komunikatzaileak?
Ahal balitz beti noski, baina batez ere, argibideak ematen dituzten lanbideetan, esate baterako: medikua, hizlaria, irakaslea, saltzailea, aurkezlea...
Azken ezaugarri guzti hauek nola lantzen dira? nola norberaganatu beharko genituzke?
Berriz ere, Erabilera.
Bertsolaritza al da ahozkotasunaren gailurra?
Artista hauek lehen esandakoaz gain beste bertute asko dituzte, ideiak, erantzun xelebreak, umorea, sentiberatasuna, e.a. adierazteko gaitasuna, azkartasuna, plaza gizon-emakumeak izatea eta gutxi balitz errimatzeko artea.
Baina momentuz gera gaitezen lehen partearekin, kalitatezko ahozkotasun hori zer da? eta lortzeko zer egin beharko genuke?
Andoni Egaña Jalgin
Beraz, hainbeste aldiz entzuten dugun ahozkotasun hori zertan datzan argitzeko hitzaldia antolatu dute hilaren 28rako Jalgin. Eta noski, nor hobe horrelako gauzetaz aritzeko Andoni Egaña baino? Ba bai, bertsolari zarauztarra etorriko da Jalgira ahozkotasunari buruz aritzera.
Bertso-afaria Arrieskalleta elkartean
Baina ahozkotasun zaleak eta bertsozaleak zaretenak lasai, ez baita hor bukatzen asuntua. Hurrengo egunean bertso-afaria antolatu dute Arrieskalleta elkartean Jexux Mª Irazu eta Beñat Gaztelumendi bertsolariekin.
Elkarte sortu berri hau ez du gastronomikoa soilik izan nahi, kulturala ere izan nahi du. Hortaz, zenbait ekimen aurrera eraman zituzten iaz eta aurten ere asmo horrekin dabiltza.
Antolatutako afaria hirurogei lagunentzako izango da eta irekia da, hau da, afarira joateko ez da bertako bazkide izan behar, txartela erostearekin nahikoa da.
Menu goxoa prestatu dute:
euskal zerriaren urdaiazpikoa, urdaia eta solomoa hasteko, ondoren arrain budina, arrain zopa, gero haragia saltsan. Postrerako kafe eta yogurt flanak; kafea eta kopa. Bapo jartzeko moduko afaria hogeita bost eurotan bakarrik.
Txarlelak Jalgin eta Artizarren egongo dira salgai bihartik aurrera.•