Kontua ez da ondo pasatzea, ikastea baizik

rufino-iraola 2008ko otsailaren 22a

Arrazoi osoa duk, Pello. Pello Esnalekin ari naiz, eta ekingo diot hark herenegun, asteazkeneroko DVko zutabean, zioen gauza batekin: "Kontua ez da eskolan -edo unibertsitatean edo euskaltegian- ondo pasatu ala ez, baizik ikasleak ikasten duen ala ez".
Izan ere, joera handia dago euskaltegietan -askotan irakasleok obsesionatzeraino- asetasun-maila modu horretan neurtzeko; alegia, ikaslea gustura ote datorren ala ez. Egia da hori adierazle bat dela, baina nik nahiago dut Xalbador bertsolari handiaren aldarri hura: "Kostatu gabe deus ez". Sartu beharra dago jendeari buruan Xalbadorrena edo erderazko esamoldeak dioena: "arrainak nahi dituenak busti beza ipurdia".
Horrekin batera, bada euskararen irakaskuntzan -iruditzen zait beste arlo batzuetan ere baietz- zuzendu beharreko kontu bat: euskara ikastea aski dela, gero nonahi erabiltzeko. Hori ez da horrela.
Adibidez, herenegun izan genuen Solaskide programa hobetzeko ikerketaren aurkezpena ere, eta euskararen erabilpenari dagokionez hauxe dio txostenak: "... aipatzekoa da bi lagun izan ezik, gainerako guztiek (26) badutela norbait inguruan euskaraz oso ongi edo nahiko ongi egiten duena. Hala ere, 26 horietatik 15ek ez dute euskaraz egiten inguruko euskaldunekin". Beste 11k, egia esan, euskaraz gehiago erderaz baino. Hala ere, bat bakarra da euskaldun guztiekin euskaraz egiten duena. Beraz, erabilpena ere programatu eta didaktizatu egin behar da.