“ESKA EZAZU OGIA EUSKARAZ” KANPAINA ANTOLATU DA BURUNTZALDEAN
Urtebetean zerealaren prezioak %60 egin du gora. Horrek, haragia, esnea eta ogia bezalako oinarrizko elikagaien prezioen igoera eragin du, pentsuaren prezioa ere garestitu egin baita. Prezio igoera horiek nahikoa ekoizten ez delako gertatu dira. Baina ez jateko nahikoa ekoizten ez delako, bioerregaiak egiteko nahikoa ekoizten ez delako baizik.Ogiaren prezioa igo arren gure elikaduran beharrezkoa den elikagaia da.
Honen harira karbohidratoek (ogiak, oreak, patatak, arrozak, lekaleek... hamaikatxo elikagaik dituzte elementuok) gizendu egiten gaituztela eta nutrizio alorretik baliorik ez dutela sinestearren, eskas kontsumitzen ditugu. Elikagai horiek zeinahi dieta orekatutan funtsezkoak dira eta ia-ia eguneko otordu guztietan kontsumitu behar ditugu. Irin, ur eta gatzez (ez beti, gatzik gabea ere badago eta) bakarrik osatua, ogiak dituen osagaietatik bakar batek ere ez du zerikusirik "mendebaldeko patologiak" (obesitatea, diabetesa, gaitz kardiobaskularrak, etab.) nozitzeko arriskua larritzearekin.
Ogia eta estetika
Jende askorentzat, gehiegizko pisua ez izateko edo zuzentzeko biderik egokienetako bat elikaduratik ogia kentzea da. Ogiak energiaz hornitzen gaituen arren, bera kontsumitzea ez da pisua handitzearen errudun, kasu bakoitzean aholkaturiko tamainan hartuz gero. Izan ere, ogi pusketaren kalorien kopurua ugaltzen duena ez da ogia bera, "hornigarria" baizik: marmelada, gurina, hestekiak, saltsa, etab. Kalori eduki bera izaki, gorputzean gantz-pilaketa txikiagoa eragiten du ogiak beste hainbat elikagai gantzatsuk baino. Ogian eta gainontzeko irinkietan ugari diren karbohidrato konplexuak baino askoz ere errazkiago metatzen da elikagaien gantza gure organismoan.
Ogia iturri energetikoa
Ogiak ugarien duen osagaia almidoia da. Karbohidrato konplexu honek organismoak behar bezala funtzionatu eta garatzeko premiazkoa duen energiaz hornitzen du. Karbohidratoaz behar bezainbeste hornitzeak gorputzaren osaketa eta pisua mantentzea ondorioztatuko du.
Beste mantenugai energetikoa gantza da: ogiak oso gantz gutxi dauka (%1), moldeko ogiak, xigortuak eta horrelako barietate komertzialek izan ezik.
Ogi gutxi kontsumitzeak dietaren baitan desoreka latzak eragin ditzake, horregatik eta gauza guztiekin bezala ogia ere tamainan janez gero osasungarria da eta beharrezkoa.
Ogiaren onurak
Kontutan hartzekoak dira ogiak dituen elementu onuragarriak. Batetik proteinak,
labore-aleak dituen landare-proteinez hornitzen gaitu ogiak. Gari irinak eta, beraz, ogiak ugari du gluten izeneko proteina, honi esker irin horrekin ogi jangarria molda daiteke. Nutrizio ikuspegitik, proteina horien balioa arrain, haragi edo arrautzaren parekotzat jo daiteke, ogia beste elikagai batekin hartzen badugu (lekaleak edo animali elikagaiak), hala nola: esne-zopak, gazta ogitartekoa, garbantzuak arrozarekin, etab.
Bestetik bitamina eta mineralak B multzoko bitamina (tiamina edo B1, riboflabina edo B2, piridoxina edo B6 eta niazina, den-denak premiazkoak, karbohidrato, proteina eta gantzak aprobetxatzeko, besteak beste) eta mineral (fosforoa magnesio, potasio, etab.) askotxo ditu ogiak.
Azkenik zuntza, ogi integrala eta labore anitzekoa dira zuntz gehien daukatenak.
Ogi mota ezberdinak
Integrala: egiazko irin integralez osaturiko ogiak zuriak baino mineral eta bitamina gehiagoz hornitzen gaitu, labore-ale osoa (azal-azalekoa izan ezik) baliatzen baitu irina egiteko.
Zekalezko ogia garizkoa baino trinkoago da, zekaleak gariak baino gluten gutxiago daukanez, ore honek ez du besteak adina gas harrapatzen eta ez da hura bezain harro agertzen. Honelako ogiak hartzea komeni zaie idorreria, diabetes, kolesterol arazoak nozitzen dituztenei eta argaltze dieta egiten ari direnei.
Ogi xigortua, biskoteak: nutrizio alorretik, barrako ogiak bezalako balioa du honek ere, baina dentsitate handiagoa, ur gutxiago baitauka.
Moldeko ogia: ogi arruntaren antzekoa. Zaporea hobetzeko gantza eransten bazaio ere, kalorietan barrako ogiaren parean dabil.
Gatzik gabeko ogia
Glutenik gabeko ogia: arta irinez egina. Zeliakia gaitza nozitzen duten pertsonek glutena pairatzen ez dutenez, honelako ogia bakarrik kontsumi dezakete.
Legamiarik gabeko ogia. Ekoizpen soilenekoa da. Orea trinkoa da eta honen digestioa arruntarenarena baino mantsoago egiten da.
.
Buruntzaldeko
kanpaina martxan
“Eska ezazu ogia euskaraz”
kanpaina honetan Buruntzaldeko okindegi gehienak parte hartzen dute Andoaingoak ezik. Andoaingo Udalak emandako azalpena ondorengoa da “Andoaingo Udalak ez du egitasmo hau ikasturte honetan martxan jarriko. Euskara Zerbitzuaren hainbat gorabehera direla medio, ezin izan dio ekimen honi eutsi. Hala ere, bi urte barru-edo sektore komertzial honetan eragiteko asmoa adierazi du Andoaingo Udalak. Nolanahi ere, aurtengoan sortutako materiala herriko ikastetxe eta euskaltegian banatuko du Udalak material didaktiko gisa erabil dezaten."
Kanpainan zehar oihalezko poltsak banatu dituzte ogia bertan sartzeko. Poltsa hauek Agenda 21 programa kontutan izanda egin dira, kotoia eta tinta ekologikoa erabiliz eta poltsan ogi ezberdinen izenak azaltzen dira bere irudiarekin batera. Okindegietan ogi bakoitzari jartzeko banatu diren karteltxoak eta ogi ezberdinen izenak jasotzen dituen kartel handia ere paper erreziklatuaz egin dira, beraz guzti hauek egiterakoan ingurugiroa kontutan hartu da.