LOHPren inguruko albisteko zenbait gauza argitu nahian

Txintxarri 2008ko otsailaren 22a


Joan den otsailaren 18ko Txintxarri aldizkarian ikusitako albiste baten ondoren, alkate bezala gai bat argitu nahiko nuke. Lasarte-Oriako Herritar Plataformaren inguruko informazioko argazkian kartel bat azaltzen zen eta horretan irakurri zitekeen alkateak kobratu egiten diela auzoko arazoengatik galdetzera joateagatik.
Hasteko, ez da alkatea kobratzen duena, baizik eta Udala. Ordenantza fiskaletan jasota dagoen tasa batez hizketan ari gara, udal-jabari publikoa okupatzeagatiko tasa erregulatzailea. Espazio publikoaren erabilerarengatik ordaintzen den zerga bat da, eta Basaundi bailaran stand bat jartzea udal-jabari publikoa okupatzea da. Tasa hori pagatzetik salbuetsita daude irabazi asmorik gabeko elkarte eta erakundeak herriaren intereseko deklaratuak. Ez da hori Lasarte-Oriako Herritar Plataformaren kasua, alderdi politiko bat baita.
Urtarrilean ere udal-jabari publikoa okupatzeko baimena eskatu zuten, Okendon, ospakizun ludiko batentzako zela argudiatuz. Udalak baimena eman zuen eta ez zitzaien inolako tasarik kobratu. Gero argi geratu zen engainatu egin gintuztela, helburua politikoa baitzen argi eta garbi, eta ez festa bat eskaeran aipatzen zuten moduan.
Oraingo honetan ordaindu egin behar izan dute helburu pribatu baterako espazio publikoa erabiltzen duen beste edonork bezala, ordenantzak jasotzen duen moduan. PP edo EB alderdiek ere zegokien zerga ordaindu izan dute beste batzuetan, gure alderdiak egin beharko lukeen moduan. Jokoaren arauak denontzako dira.

Ana Urchueguia
Lasarte-Oriako alkatea