Itziar Carrasco
Nola oroitzen duzu, Egunkariaren itxiera?
2003ko otsailaren 20an goizeko bostetan deitu zidaten berria emanez. Goizaldean, dozenaka guardia zibilek Egunkariako 10 arduradun atxilotu zituztela eta Egunkariak Andoainen duen egoitza nagusia miatzen ari zirela jakin genuen. Bilbo, Gasteiz eta Iruñeko egoitzak ere miatu zituzten. Egun horretan bertan, eguerdian, egoitza guztiak prezintatu eta itxi egin zituzten epailearen aginduz. Egun luzea izan zen. Orduak pasa eta operazioaren neurria ulertu genuenean amorrua, haserrea, eta ezintasun handia sentitu nuen, hainbeste lan egin ondoren.... Baino jendea egun berean, hasieratik jarri zen martxan erantzuna emateko. Alde batetik atxilotuen errugabetasuna aldarrikatzeko eta bestetik hurrengo egunean euskarazko egunkari bat kalean egongo zela ziurtatzeko. Otsailaren 22an inoizko manifestaziorik handiena egin zen Donostian, itxiera salatzeko. Itxaropenik ez da galdu behar , pentsatu nuen.
Zer egin duzu 13 urte eta 3 hilabeteko espetxealdia eta 21.167.546 eurotako zigor eskaera jasotzeko?
Hamar urtez lan asko eta oso baldintza txarretan egitea izan da nire pekatua. Hori guztia euskaldunok geure hizkuntzan idatzitako egunkari bat irakurri ahal izateko egin nuen, nik eta beste ehundaka lankidek, baina badirudi zenbait jenderi ez zaiola zuzena iruditzen euskaldunok ere geure egunkaria edukitzea. Gu salatzen gaituen "Dignidad y Justicia" delakoaren iritziz, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren kontrako delituak egin ditugu, lehen kasuan BEZ-a ez ordaintzeagatik eta bigarrenean ez zegozkigun diru laguntzak jasotzeagatik. Foru Aldundiak sumarioa aztertuz ez du deliturik ikusi eta ez da epaiketan pertsonatu, eta Eusko Jaurlaritza ere ez da epaiketara pertsonatu. Guk oso argi dugu, eta hala esaten dugu, ez dugula inongo deliturik egin, eta iruzurrik egon bada, iruzur hori Euskaldunon Egunkariari, bertan egin dugun langileei, akziodunei, harpidedunei eta irakurleei egin zaiela.
Gogorra da egingo dizudan galdera, baina zure burua espetxean ikusten al duzu?
Horrelakorik gerta ez dadin ari gara lanean, eta justiziarik baldin badago ez da espetxe zigorrik egongo. Baina egia da Madrilgo Audientzia Nazionalean ez dugula justiziaren bermerik ikusten, beraz, espetxearen aukera ere kontutan izan eta okerrenerako ere prestatzea komeni da.
Auzi hau gelditzerik al dago?
Ni ez naiz abokatua, baina orain arte abokatuen ahotik entzun dudana entzunda, ezetz esango nuke, inongo zalantzarik gabe gainera.
Egin egunkaria, Egin Irratia, Euskaldunon Egunkaria itxi dituzte, eta euskalgintzako hainbat eragileetako ordezkariak atxilotu, kriminalizatu eta auzipetu dituzte. Nola ikusten duzu euskalgintzaren etorkizuna?
Bada gure kontra egindako sumarioan guztiz beldurgarria den tesia. Tesi honen arabera, euskarak hizkuntza bezala eskubide guztiak bermatuta dauzka, Espainiako Konstituzioa, Estatutoa eta Nafarroako Foruaren bitartez, hau da instituzioen bitartez. Hortik kanpora egiten den edozer, hau da instituzionala ez den edozer, ETA-ren agindupean lan egitea da. Hau benetan beldurgarria da, eta tesi honen gainean oinarritutako zigor sententziarik egongo balitz euskalgintza osoaren etorkizuna kolokan geldituko litzateke.
Audientzia Nazionalak euskalgintza ETA dela ebatziko balu, hurrengoak agian herri aldizkariak izan gaitezke.
Hala izanik, hurrengoa edozein izan daiteke. Bestela ere ez dugu ahaztu behar Euskaldunon Egunkaria itxi zen garaian PP gobernuan zelarik, aipatzen ziren beste hainbat instituzio, ikastolak, Arantzazu, Estatutua bera ere...
Zerbait gehiago gaineratu, komentatu edo salatuko al zenuke?
Egunkaria bultzada politiko baten ondorioz itxi zen, ETA-ren instrumentua zela argudiatuz. Zazpi urteko ikerketa baten ondoren, 20 pertsona atxilotu, bere etxeak eta lanpostuak miatu eta Egunkariaren egoitza guztiak ere miatu ondoren, ez dute ETArekin lotura bakar bat ere topatu, ez baitago, fiskalak ere auziaren artxibatzea eskatu du Egunkariaren kontrako lehen sumarioan. Ondoren, bigarrengo sumarioan, irregularitate kontableetan oinarrituz, delitu fiskalak egotzi nahi dizkigute. Estatu batek ezin du periodiko bat itxi, horrek sortzen duen kalte guztiarekin, eta handik zazpi urtera hanka sartu zuela onartu. Estatuak bere ekintza justifikatu beharra dauka eta horretan ari da. Esan bezala, bultzada politiko batek abiatu zuen hau guztia, eta iruditzen zait beste bultzada politiko batek soilik gelditu ahal izango duela zentzugabekeri hau eta herri honetan gertatzen ari diren beste hainbat.•