Areto-futboleko azken fasea hasi da asteburuan

Txintxarri 2008ko otsailaren 25a

Txintxarri

XXV. Areto-futbol txapelketa herrikoiak ligako azken faseari eta Kontsolazio txapelketari ekin dio asteburu honetan. Aurtengo denboraldian, Ostadar Kirol Fundazioak antolatzen duen txapelketa herrikoian 28 futbol taldeek bi taldetan parte hartu dute, lehen zatian. Talde bakoitzeko lehen 8ak sailkatu dira hurrengo faserako, azken faserako, alegia. Gainontzeko taldeek Kontsolazio Txapelketa jolastera sartu dira.
Txus Alonsok, txapelketako antolatzaileak, lehen fasearen balorazio bat egin digu: "lehenengo fasea izateko santzio dezente jarri behar izan ditugu, bai jokalari, bai taldeei. Baina, batez ere, jokalariak zigortu behar izan ditugu euren jokabidearengatik. Taldeei dagokienez, Bar Jalai taldea bi falta larri egiteagatik txapelketatik kanpo geratu da".
Aurtengo denboraldian aretoko zelai berria estreinatu dute, baina Txusek adierazi duen bezala, oraindik hobetu daitezkeen gauzak daude. Futbol zelai berriarekin dena konponduta izango genuela pentsatzen genuen, estalita baitago. Baina, gabezi asko ditu oraindik - euria egiten duenean pista irristakorra bihurtzen da, oso arriskutsua da eta ezin da erabili-".

Azken fasea
Txapelketako antolatzaileak azken faserako talde handiak sailkatu direla esan digu. “Beraz, ez da sorpresarik izan zentzu honetan. Uste dugu fase hau oso lehiakorra izango dela, beraz ikusgarria izango da”.
Kontsolazio Txapelketan azken fasean sartu ez diren taldeak jokatzen ari dira, guztira hamabi futbol talde. "Kontsolazioko taldeek fase honetan disfrutatzeko aukera dute, txapelketako lehen fasean talde batetik bestera desberdintasun handiak baitzeuden. Orain, berriz maila parekatuagoa dago".
Txus Alonsok txapelketan jokatzen ari direnei bi gauza eskatzen dizkie: "Denok dakigu ez dela erraza herriko txapelketako partidetan epaia izatea, horregatik jokalari eta ikusle guztiei lasaitasuna eta epaienganako errespetua izatea eskatuko nieke. Bestetik, euren artean ere joko garbia erabili dezaten, istiluak saihesteko".
XXV. Areto-futbol Txapelketako finalak, Ligakoa eta Kontsolaziokoa, maiatzaren 17an udal kiroldegian ospatuko dira arratsaldez. XXV. urteurrena dela eta, antolatzaileek zerbait berezia antolatu nahi dute.