Krisirik ez, geldialdia soilik

karmele-garmendia 2008ko otsailaren 25a

Azken aldian, etxebizitzaren arloko krisia heldu dela zabaldu da gizartean. Sektorekoek, ordea, krisiaz baino geldialdiaz hitz egitea egokiagoa dela uste dute. Izan ere, azken urtean igotzen jarraitu dute prezioek, nahiz eta, askoz ere gutxiago izan hazkunde proportzioa. 2006an, esaterako, %30 izan zen igoera Euskal Autonomia Erkidegoan. 2007an, berriz, %5a. Motelaldia datorren urtearen buruan amaitzea espero da.

Karmele Garmendia

Etxebizitza. Hitz bakar batek zenbat burukomin sor ditzakeen! Gazteak izanik soldata nahikorik ez eta ezin independizatu dabiltzanak, igogailua dela eta etxebizitza berria behar duten edadetuak, atzerritarrak... Pertsona ezberdinak, baina guztiek egiten dute topo arazo berdinekin: espekulazioarekin, etxe hutsekin, Babes Ofizialeko Etxebizitzen zozketekin, interes altuko hipotekekin... Eroslearen ikuspuntutik beti izan dira kexatzeko eta kezkatuta egoteko arrazoi ugari. Hori ez da berria. Iaztik, ordea, beste aldean egon ohi direnak hasi dira kalteak jasaten. Higiezinen agentziak eta banku eta aurrezki kutxak, hain zuzen.
Prezioen eta interes tipoen igoeren eraginez, etxebizitzen salmenta kopurua izugarri jaitsi da azken bi urtetan. Etxebizitzaren eskaria %60 gutxitu da Lasarte-Orian eta ondorioz, hipoteken eskaria ere asko murriztu da. Rural Kutxan, esaterako, hilabetean 15 kontsulta izatetik bakarra izatera pasa dira. Jendea zain dago.
Lehen prezioak egunetik egunera igotzen ari zirela ikusita, jendeak lehenbailehen hipoteka batean sartzea erabakitzen zuen, gero eta denbora gehiago pasa, okerrago izango zelakoan. Orain, zenbait etxebizitzen prezioak jaitsi dituztela eta, maukaren bat lortuko dutelakoan daude asko. Baina, hainbeste jaitsiko al dira? Eta zain egon eta kolpe batez igotzen hasiz gero, zer? Galderak eta zalantzak milaka. Erantzun ziurrik, ordea, ez.

Euriborraren jaitsieraren zain
Ezkutuan dagoen eskari horren barnean, euriborraren eta interes tasen jaitsiera aprobetxatzeko asmoz daude asko eta asko, jakina baita jaitsiera hasia dela. Iaz ia %5ean egon zen euriborra. Orain %4ra inguratzen ari da. Gutxi gorabehera %4,30ean dago. Euriborra egunero aldatzen da, baina maileguetan hilabete osoko euriborraren batez bestekoa ezartzen da. Bi hilabete aurreragokoa, zehazki.
Hil honetan, abendukoan oinarritzen gara. Orduan, %4,79an zegoen, altu samar oraindik. Martxoan, berriz, urtarrilekoa ezarriko da %4,60. Beraz, datorren hiletik aurrera pixkanaka jaisten ari dela nabarituko dugu.
Interes tasak euriborraren arabera ezartzen dira, eta hauek ere jaistea espero da. Jende asko interesak altu daudela eta kexatzen da, baina Igor Abaigar Rural Kutxako langileak zehaztutakoaren arabera, interesak ez daude batere altu. %4 ez omen da altua. "Orain dela 10-15 urte interesak %12 inguruan zeuden. Gertatzen dena da, oso baxu ibili garela, %2an, eta aldea nabaritu dugu. Horrez gain, kontuan izan behar da interesak bikoizteaz gain, prezioak igo egin direla, baina soldatak ez direla proportzioan igo. Hori da arazoa". Etxebizitza hiru urtetan ia %100 igo da eta soldata %10 besterik ez.

Soldaten %40a
hipotekara
Lasarte-Orian, normalean, lehen etxebizitza erosteko pausua ematen dutenak 25-30 urte bitarteko gazteak izaten dira. Bikotean sartzen dira, biek soldata izanik. Bakoitzaren soldata, batez beste, 1.000-1.500 euro artekoa izaten da eta hipotekaren hileko kuota ordaintzeko 1.000 euro ordaintzen dituzte. Euren soldaten batuketaren %40a gutxi gorabehera. Orain dela 5 urte, soldatak zertxobait baxuagoak ziren, baina kuotak ere askoz baxuagoak. Parekatuagoa zegoen.
Hipoteketan gehien eskatzen den diru kopurua 240.000 euro (40 milioi pezeta) inguru izaten da. 300.000 euro eskatzen duenik ere bada, baina hortik aurrerakorik ez. Kontuan izan behar da, aipaturiko kopuru horren kuota 1.200 euro izango litzatekeela, soldata oso bat askorentzat. Orain dela bost urteko hipotekak 100.000 eurokoak izaten ziren.
Hipotekak handitzearekin, epeak ere luzatu egin dira. Lehen hipoteka batek 25 urteko epea izaten zuen. Gaur egun, 35 edo 40 urteko epea ezartzea da normalena. Batzuk 50 urteko epea ere eskatzen dute Abaigarrek esandakoaren arabera. Bankuak hain epe luzeko maileguak utziz, gehiago arriskatzen direla eta, zehatz-mehatz aztertzen dituzte orain bezeroak eta baldintzak gogortu egin dira askorentzat.

Finantza krisiaren ordaina
Etxebizitzaren krisiari edo geldialdiari buruz dihardugun honetan, egoera hau bultzatu duen oinarrizko eragilea iazko udatik datorren finantza arloko krisia da. AEBetan hipotekak ordaintzeko momentuan atzerapenak egon ziren, berankortasuna asko handitu zen eta jende askok bere hipotekak ordaintzeari utzi zion. Pertsona horiek hipotekarik ordaintzen ez zutenez, bertako finantza erakundeak krisian sartu ziren. Horrek eragina izan du Europar Batasunako finantzan, banku askok AEBetako finantza merkatuan inbertitzen zutelako. Diru iturria etenda, arazoak heldu ziren.
Fenomeno horrek ez du finantza erakunde guztietan eragin, baina jakiteko dago zeintzuetan eragin duen. Hori argitu bitartean Europako banku askoren artean mesfidantza sortu da eta ondorioz, elkarren artean dirua uzteari uko egin zaio. Horregatik, banku asko dirurik gabe daude. Ezin dute bezeroei dirua utzi eta baldintzak asko gogortu dituzte maileguak ematerakoan. Bezeroari hipotekatan sartzeko une egokia ez dela esan dionik ere izan da. Abaigarrek argitu digunez, hemen, Lasarte-Orian, ez da halakorik gertatu. Gainera, krisia baretzen hasi da eta pixkanaka dirua elkarren artean uztearen kontua martxan jartzen ari da berriz. Krisi horrek eragin zuen Euriborra ia %5era igotzea.

2010ean hazkundea
2008a trantsizio urtetzat har daitekeela dio Abaigarrek. Beraz, datorren urtera arte itxaron beharko dugu prezioak norantz joko duten eta zer gertatuko den ikusteko. Hala ere, ez du uste Euskal Herrian prezioak hainbeste jaitsiko direnik. "Estatu espainiarreko herrialde batzuetan, espekulazio gehiago egon den lekuetan, Mediterraneo inguruan, esaterako, jaisteko aukera gehiago dago, baina hemen zaila izango da".
Geldialdi honek aurten eta datorren urte hasieran iraungo duelakoan, 2010ean hazkundea itzuliko dela aurreikusten du Rural Kutxako langileak. "Lehendik ere krisi antzekoak egon dira. 2000 urte inguruan, esaterako, eta hiru urte iraun izan dituzte".

Higiezinen agentziak ez hain lasai
Herriko higiezinen agentziakoek ere, geldialdi honek ez duela luze iraungo uste dute, baina bitartean, ondorio gogorrak jasaten ari dira. Dagoeneko, hiru higiezinen agentzia itxi dituzte eta horietako batek, Ekusek, 25 urte zeramatzan lanean. Egun, Inmogesek, Beteluk eta RKk diraute.
Bolada kaskarra pasako dela espero duten arren, ikusitakoa ikusita, kezkatuta daude orokorrean. Inmogeseko Javier Frailek aitortutakoaren arabera, sektoreko %80k galerak ditu. Mantentzen dira, baina kostata. Fraileren esanetan, higiezinekin bakarrik lan eginez gero, aurrera ateratzeko egoera zaila da egungoa. "Herrian itxi diren asko halakoak izan dira. Beste arlo batzuetan lan eginez gero, hala nola, seguruekin edo finka administrazioarekin, lasaiago egoteko aukera dago, baina bestela..."
Betelu gestoriakoak, aldiz, ez daude batere aztoratuta. Maite Beteluren esanetan, higiezinen agentzia asko negoziorako aukera ikustean sortu ziren hala moduz. "Ez ziren profesionalak eta askok horregatik itxi behar izan dute". Izan ere, higiezinen agentzia bat jartzeko ez da titulaziorik behar izan orain arte eta etxebizitzen booma iristean higiezinen agentziak izugarri ugaritu ziren. Dirudienez, Eusko Jaurlaritza alor hau arautzekotan da.

Bigarren eskuko etxeak
36 mila euro merkeago
RK higiezinen agentziako Jose Antonio Alvarezek normaltzat jotzen du geldialdia, izan ere, bere esanetan, bost urtetan izugarri hazi dira etxebizitzen prezioak. "Urtero ia 60 mila euro puztu dira, beraz, ez zegoen besterik". Salmentan pisu gutxi eta bezero asko izatetik pisu asko eta bezero gutxi izatera igaro dira higiezinen agentziak. Horrek bigarren eskuko etxebizitzen prezioak jaistea ekarri du. Prezioak 2006koen antzean daude, eta zenbaitetan 2005ekoen pare. Batez beste 36 mila euro inguru jaitsi dira. Pisu sinpleenak 245 mila euroren inguruan ikus daitezke orain, eta 360 milatan saltzen zirenak 310 milatan. Oro har, halako prezioko etxebizitzak dira nagusi.
Edozein modutan ere, ez da ahaztu behar jaitsi dena eskatzen zenetik jaitsi dela, ez benetan pisuak duen baliotik. Beraz, ez da berez etxebizitzaren prezioa jaitsi. Hala ere, pixkanaka benetako baliora gehiago hurbiltzen ari direla diote sektoreko herriko langileek. Dena dela, jabe guztiek ez dute prezioak jaistearen hautua egin eta asko dira oraindik saldu ezinik dabiltzanak. Azkenean, jaitsi beste erremediorik ez dute izango Beteluren esanetan.

Alokatzea bikoiztu
Bitartean, gazte askok eta askok alokatzera jotzen dute. Lasarte-Orian alokairuan bizitzen jartzea bikoiztu egin da etxebizitzen prezioen igoeraren eraginez. Herrian beti egon da mugimendua alokairuari dagokionez, baina orduan, lana zela eta kanpotik etorritakoak izaten ziren bezero gehienak edota hipodromoa zela eta gerturatutakoak. Orain, bertako eta inguruko gazteak dira nagusi Frailek dioenaren arabera. Diru nahikorik irabazten ez dutenez, ezin izaten dute beren lehen etxebizitza erosi eta alokairuan sartzea beste erremediorik ez dute izaten.
Hilero 650-700 euro inguru utzi behar izaten dituzte gazteok, eta dirudienez, etxebizitzen salmenta prezioa jaisten doan heinean, alokairuarena zertxobait igotzen ari da. Urte hasieran martxan jarri zen 210 euroen laguntza dela eta, jendea oraindik ez da eskaera horrekin gerturatu. Goizegi da oraindik higiezinen agentzien ustez.
Alokairuari dagokionez, beste arazo batekin ere egiten dute topo gazteek. Izan ere, herrian ez dago etxebizitza nahikorik alokairuan. Bertako jabeei izugarri kostatzen zaie euren etxea alokairuan jartzea. Gehienak hondatuko ote dizkien beldur dira eta beste batzuk atzerritarrekin mesfidati agertzen dira.

Lokaletan etxebizitzak
Egun, lokaletan etxebizitzak egitea ere asko zabaldu den aukera da. Lasarte-Orian makina bat lokal zeuden alferrik galduta eta modu egokia izan da probetxua ateratzeko. Udalak duen arautegiaren arabera banatzen ditu lizentziak eta jardunbidearekin ez dator guztiz bat Fraile. "Zenbait lokal badira egokiak direnak etxebizitzak egiteko, baina arautegiko baldintza guztiak betetzen ez dituztenez, ez dute baimenik lortzen. Nire ustez kasu bakoitza aztertu beharko litzateke eta horren arabera lizentzia eman edo ez".
Arauak arau, herrian nahiko zabaldu den fenomenoa da eta horrek, beti gertatu ohi den bezala, negozioa erakarri du. Lokalak nahiko garestitzen ari dira. 50-60 metro karratuko lokalak 125 mila eurotik gora saltzen dira. Obra eta gainontzeko betekizun guztiak eginda, 215 mila inguruan geratzen dira. Beraz, benetan pagotxa lehendik lokala zutenentzat izan da. Herriko higiezinen agentzietakoen arabera, azken finean ez da hain errentagarria izaten.

BOEn eragina
Azken urteetan, udal ezberdinetan Babes Ofizialeko Etxebizitzak eraikitzeari ekin zaio eta, herrian ere egitekoak dira. Hauek eragin handirik ez dutela izango aurreikusten du Beteluk.
Fraileren esanetan, ordea, dagoneko nabari da horren eraginez mugimendua moteldu egin dela. "Herrian gisa horretako etxebizitzak egitearen inguruan plan bat hitzartu zen arren, oraindik ez dago ezer zehazturik. Hala ere, etxebizitza horiek eskuratzeko aukerarik izan dezaketenak horren zain daude modu batean, eta horrek eragina du gugan".
Ez dago dudarik momentu hauetan burukomin ugari dituztela herriko higiezinen agentziek, baina datorren urterako guztiak desagertuko diren esperantzarekin daude. Horretarako, argi dute interes tipoak jaitsi eta prezioak eta finantza merkatua egonkortu beharko direla.
Horrez gain, ekonomia, orokorrean, ongi egotea ere beharrezkoa izango da, gaizki joaten hasiz gero, gauzak asko aldatuko bailirateke. Eusko Jaurlaritzak emandako azken datuen arabera, ordea, lasai egoteko moduan gaude. Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia, iaz baino gutxiago, baina %3,2 haziko da. Hala izango den, ikusteke dago.•