Errauste plantaren aldeko urrats larria eman du San Markoseko Mankomunitateak

Txintxarri 2008ko otsailaren 25a

Zaborraren auzian, egia ezkutatzeko ahalegin berezia egiten da, gauzak diren bezala jendeari ezkutatuz. Azkeneko adibidea aste honetan izan dugu.San Markoseko Mankomunitateak beste urrats larri bat eman du Errauste plantaren bidean. Hartutako erabakiarekin, printzipioz inongo eskumenik ez duen Foru Aldundi eta Partzuergoaren eskuetan utzi nahi izan dute Gipuzkoako hondakinen kudeaketa ekonomiko osoa. Horrek udal eta mankomunitateen ahalmenak izugarri murrizten ditu.
Horren guztiaren aurrean San Markoseko Mankomunitateko ordezkari politikoek aurrera jo dute. Bereziki kezkatzen gaitu EB-IUko ordezkarien jarrerak. Izan ere, beti azaldu dira errauste plantaren kontra eta beste kudeaketa eredu baten alde. Hartutako azken erabakiarekin kontraesan larrietan sartu direla uste dugu. Ezin da errauste plantaren kontra egon eta berau gauzatzeko urratsak eman. Guk erabaki guzti hauek testuinguru elektoralean kokatu nahi ditugu. Izan ere, ez dugu uste EB-IUk hondakinen kudeaketari dagokionez iritzi aldaketarik izan duenik.
Duela denbora gutxi Herrialde Katalanetara egindako bidaian, ikusi dugu nola zaborraren bilketa aldatuz gero eta zaborraren zati organikoa bereizita bilduz gero, zabortegian bukatzen duen zaborra, biztanleok sortzen dugun % 80 izan ordez, % 20-25a izatea pasa litekeen urte betean. Horretarako bertako politikariek sinistu eta behar diren baliabideak jarri dituzte.
Hori da hemen falta dena, borondate politikoa. Zaborraren arazoari konponbide egokiena bilatu ordez, zaborrak sortzen duen negozioaren morroi dira zenbait sasipolitikari. Enpresa boteretsuak daude horren guztiaren atzean eta politikari horiek esandakoak betetzen dituzte txotxongiloak baliran.
Lerro hauetatik Lasarte-Oriako udalari 2007ko Martxoaren 21eko osoko bilkuran adostutako akordioa aurrera eraman dezala eskatu nahi diogu.Bertan Zubietan erraustegia eraikitzearen aurkako baliabide guztiak erabiliko zituela hitzeman zuen.Eta bide batez,
Beste kudeaketa eredu bat posible delako, zaborraren zati organikoa bereizita biltzeko konpromisoa har dezala.
Ricardo Ortegari EBko zinegotzi eta gobernu batzordeko partaideari eskaera zuzena: uste dugu kudeaketa eredu horretan sinesten duzula eta gainera (PSOE-EB) gobernu hitzarmenean jasota daukazuenez (TXINTXARRI 2008-01-28) goazen gure herrian behar diren azterketa, informazio kanpainak egin eta talde desberdinen adostasuna bilatu ondoren, kudeaketa eredu hau martxan jartzera.Herrialde katalanetan posible zela bertatik bertara ikusi genuen, beraiek posible egin badute, gu gutxiago izango ahal gara?
Apustu honetan zuk nahi baduzu (gehienetan nahi izatea ez da nahikoa izaten, ahalmena ere indarrean jarri behar da) edo uzten badizute (nahi eta ezinaren azpian ez ezkutatu) bide lagun izango gaituzu.

Erraustegirik ez Zubietan ez inon, kudeaketa eredu berri baten alde.

Lasarte-Oriako Hautetsi Independistak