Ez da erreza horrelakotan ezer esatea. Jada dena esanda dagoelako, baina, gure alboan genituen eta sakabanaketa politikak eraildako Argi eta Iñaki gogora ekarri nahi ditugu. Gaur bost urte betetzen dira gurekin ez daudenetik. Lasarte-Oriak bost urte latz, mingarri daramatza beraien hutsuneak sortzen digun minarekin bizitzen. Ordutik ere, senide gehiagok galdu dute bizia errepideetan, espetxetarako bidean, gure senide euskal preso politikoekin une goxo bat igarotzeko asmotan.
21 urte pasa dira jada politika hiltzaile, kriminal hori martxan jarri zutenetik. Eta ordutik 22 preso eta 16 senidek galdu dute bizia. Zenbat gehiago behar dira herri honetako agintari politikoek neurriak hartzeko egoera honekin behingoz amaitzeko? Odoluste ekonomiko itzela, astero errepideetan bizia galtzeko arriskua, salbuespen neurrien ezarpenak gure senide presoei... zer gehiago?
Egoera honek itzelezko sufrimendua dakar, eta, horrela jarraitu ezkero areagotu baino ez da egingo! Aski da! Ez gaude prest gure biziarekin jolasten uzteko, interes partidista batzuengatik. Baina aldi berea, argi eta garbi, ozen, inoiz baino ozenago diogu ez ditugula sekula ere bakarrik utziko! Milaka, ehundaka kilometro egitera behartuak gaude, baina egiten jarraituko ditugu, maite ditugulako. Baina hori ez dute ulertzen politikariek.
Herri honek aspalditik drama zama, sufrimendua. Baina inoiz ez du itxaropena eta ilusioa galdu. Guk ez duguna sekula ere galduko. Egun hori iritsiko da, gure senide errepresaliatu politikoak betiko etxean izango dituen eguna. Ezarri ziguten sakabanaketari aurre egiten diogu astero-astero eta horrela segituko ere, baina hori amaitu dadin lanean jarraitzen dugu. Bizia doakigu horretan, oso ondo dakigu hori. Eta inori ez diogulako opa guk bizitakoa, herri honetako hurrengo belaunaldiek horrelakorik ezagutu ez dezaten arituko gara.
Konpromezuak, neurriak... eskatzen ditugu. Horrekin amaitu daitekeelako egun bizi duguna, alderi politiko denei eta batez ere EAJri (berak PSOErekin batera diseinatu eta martxan jarritako dispertsio politikaren sortzailea delako, ez dezaten ahaztu, guk behintzat ezin dugu eta!). Ez dugu berriz entzun nahi beraien gobernuko bozeramailearen ahotik, horrelako heriotzak ez direla biolentziazkoak! Argi eta Iñakiren heriotzaren errudunak zarete, onartu eta berriz horrelakorik ez gertatzeko neurriak hartu jada!
Guzti honegatik martxoaren 1ean arratsaldeko 19:30ean Lasarte-Oriako Okendo plazatik irtengo den manifestaldirako deia luzatzen dizuegu. Argi eta Iñaki alboan ditugulako eta beraien sendiari gure berotasun, maitasun eta elkartasuna adierazteko!
Lasarte-Oriako senideak
Poloni Otxandorena Sala
15.006.029