Bost urte bete dira Argi eta Iñaki istripuz hil zirela

Txintxarri Aldizkaria 2008ko otsailaren 29a

Atzo bost urte Argi eta Iñaki Almeriako bidean bizitza galdu zutela. Hau dela eta, dispertsioa salatzeko manifestazioa eta ondoren omenaldia antolatu du Lasarte-Oriako Etxeratek larunbaterako.

Txintxarri
Iaz, Juan Karlos Balerdik Almeriako kartzelatik ondorengoa idatzi zuen: “lau urte dira ama eta anaiak bizia galdu zutenetik... Bizia galdu zuten sakabanaketa etsaiaren errepresio tresna garrantzitsu bat delako... Bizia galdu zuten beste euskaldun gehiagok bizia galduko duten bezala, etsaiak eta kolaboratzaileak errepresioarekin jarraituko dutelako”.
Argi Iturraldek, Iñaki Balerdik eta Joxe Balerdik Juankar Almeriako espetxera bisitatzera zihoazela izan zuten istripua. Argi eta Iñaki errepidean utzi zuten bizitza eta Joxek hiru aste pasa zituen Albaceteko ospitalean.
Lasarte-Oriako Etxerateko kideek gogorarazi dute 21 urte pasa direla “politika hiltzaile hori martxan jarri zutenetik. Eta ordutik 22 preso eta 16 senidek galdu dute bizia. Zenbat gehiago behar dira herri honetako agintari politikoek neurriak hartzeko egoera honekin behingoz amaitzeko?”.
Hau guztia dela eta, martxoaren 1ean arratsaldeko 19:30ean Okendo plazatik irtengo den manifestaldirako deia luzatzen die Lasarte-Oriako herritar guztiei.•