“Aukera zentroa proiektua espezifikoa da eta elkarte baten barruan dago”, azaldu digu Sandrak. Nahiz eta elkarte pribatu baten barruan egun, diru laguntzak Gobernu eta udaletxeetatik jasotzen ditu, hala nola, Aldundia, Osakidetzako Egisa egitasmoa edo Eusko Jaurlaritzatik.
Zentroak 1999an ireki zituen ateak, prostitutek eskatzen zuten laguntza emateko beharra zegoela eta. Bi lekutan egiten dute lan nagusiki, Donostian eta Irunen. Donostian bulego propioa dute Isabel II kalean eta Irunen udaletxeak eskainitako lokala dute, beste talde batzuekin batera.
Funtzionamendua
Baina lokaletan egindako lanaz gain, bertatik bertarako lana ere egiten dute.
Emakumeen lan tokietara doaz hilabetean behin. “Irun eta Donostian mugitzen gara gehien bat. Lehen Azpeitira gerturatzen ginen baina arazoak egon ziren eta geroztik ezin gara bertako klubetan sartu.”, aitortu digu lan teknikariak. Eta zera atxikitzen du, “Donostia Gipuzkoako hiriburua da eta kontzentrazio handia dago; Irun, berriz, muga herria da eta horregatik jende asko mugitzen da”.
Baina zer egiten dute bertan? Sandrak azaldutakoren arabera, prebentzio materiala ematen zaie. Gainera, emakumeek dituzten kezkak eta galderak erantzuten saiatzen dira, baina gaia konplikatua denean eguna eta ordua ematen zaie Irun edo Donostiara joateko.
“Prostituzioaren gaia oso orokorra da eta perfil desberdinak dituzte. Bakoitzak bere bizitza eta bizipenak ditu”, esan digu Sandrak. Horregatik, behar desberdinak eta kezka desberdinak dituzte, esate baterako, beste lan bat, bi lan bateratu edo kurtsoren bat. Gainera, %80 edo 90a etorkinak dira eta gehienek atzerrikotasunari buruzko legeari buruz galdetu, nola erroldatu, osasun txartela non lortu, etab. galdetzen dute.
“Aukera lehenengo harrera egiten den zentro bakarra da Gipuzkoan, hemen prebentzio materiala, osasun aldeko informazioa, probak, Osakidetza nola dabilen, Osasun txartela non lortu, enplegu eta formazio zerbitzua, eskaintzen ditugu”, esan digu lan teknikariak.
Gainera, azaldu digunez, ”egun batean geratu eta enpleguaren gaia azaltzen diegu. Beste kulturetatik etortzen direnez, beste pentsakera bat dakartzate. Honetaz gain, bere errealitatea zein den ikusten dugu, paperik gabe etortzen dagoen edo ez, zail baita lana aurkitzea, behintzat paperak izan arte”. Honela, emakumeentzako lan eskaintzak bilatzen eta aztertzen dituzte, baita ikasketak ere.
Honetaz gain, asistentzia psikologikoa eskaintzen zaie, bi psikologa daude Aukeran; eta Juridikoki orientazioa eta aholkularitza ematen zaie. “Hemen lan egiteko, nahiz eta abokatua ez izan legetaz jakin behar duzu erantzuna emateko”, esan digu Sandrak.
“Argi eta garbi utzi behar da etortzen diren pertsonak, prostituzioan ibili izana, prostituta izatea edo utzi nahi izanagatik bereizten direla. Helduak eta libreak dira. Eta gu ez gara inor zer behar duen esateko, aholkua eman ahal diegu, baina pertsonak bere momentuak ditu eta momentu horretan behar bat du eta horregatik etorri da. Guk behar horri erantzuna ematen diogu”, onartu digu laguntzari buruz galdetzerakoan.
Laguntza ongi hartzen dutela esan digu ere, “hona sartzen direnean lasai daude. Haientzat erreferentzia da, lasai datoz pertsonak bezala tratatzen baitzaie. Nahiz eta prostituta izan estigma hori ez dute hemen ikusten. Hona etorri eta ate igaro ostean, lasai geratzen dira, hona sartzean prostituzioan dabiltzala onartzen baitute. Hemen ez dute ezer ezkutatu behar”.
Tailerrak
Eta zergatik lasaitasun hori? “Tailerrak egin genituen haiek lasaiago egoteko”, azaldu digu Sandrak. Izan ere, ikastaro batera joan eta beldurra baitute. “Adibidez, ikastaro batean besteekin harremanetan jartzean oinarrizko galderak nork zara, zer ikasi duzu, zertan egin duzu lan dira. Askori antsietate handia sortzen zaie halako egoeratan, beste batzuk hobeto daramate, baina oro har zaila egiten zaie”, esan digu Aukerako ordezkariak.
Gainera, zera atxiki du, “guk konfidentzialtasun handiz jokatzen dugu eta batzutan asko kostatzen zaigu bere izenak ezagutzea, zail egiten baitzaie. Beraz, besteei aurre egitea ere oso zail da haientzat”
Horregatik beharra ikusi eta bi tailer antolatu zituzten, bata ordenagailu tailerra eta bestea euskara tailerra.
Ordenagailu tailerrean, word programa, internet, etab. erabiltzen irakasten diete. “Beste lan bat aurkitu nahiez gero, curriculuma nola egin erakusten diegu. Eta Internet bere familiarekin harremanetan jartzeko edo bere lurraldeko egunkaria irakurtzeko era dela ohartu arazten zaie”, esan digu lan teknikariak.
Bestea euskarako tailerra dugu. “Emakume hauen ezaugarrietako bat oso mugikorrak izatea da. Zaila da plaza bat egiten dutenean formazioko kurtso bat ematea. Hala ere, batzuk hemen geratu dira bizitzen, Gipuzkoa bizitzeko leku bezala hautatu baitute. Hemen euskara eta gaztelera hitz egiten da, beraz, emakumeek euskara ezagutzea da gure asmoa. Esate baterako, merkatura joan eta sagarra nahiez gero euskaraz nola den jakiteko edo besteekin harremana izateko. Oinarrizko gauzak irakasten zaizkie, beldurra kentzeko behinik behin”, aipatu digu Sandrak.
Tailerretako taldeak zazpi edo zortzi pertsonaz osatuak daude eta ordu desberdinak dituzte, “izan ere, batzuk nahiz eta ordu bat esan ordu eta erdi beranduago iritsi baitira batzuetan”, azaldu diru Aukerako ordezkariak.
Datuak
Aukerako datuen arabera, iaz 700 pertsona eskatu zuten laguntza. Hala ere, zera esan digu Sandrak, “kopuru zehatza esatea zaila da, oso mugikorrak baitira. Baina Gipuzkoan 1000 edo egongo direla uste dugu. Izan ere, Gipuzkoan ezaugarri berezia baitago, ez dago prostituziorik kalean. Dena ezkutuan dago. Donostian pisuetan daude eta zail da pisu kopurua jakitea, baita pisu bakoitzeko zenbat pertsona dauden ere”.
Adinaren arabera, 25 eta 40 urte bitarteko jendea dela esan digu Sandrak, baina azpimarratu duen bezala, “honek ez du esan nahi gazte edo zaharragorik ez dagoenik”.
Emakumeak dira gehienak, hala ere, Sandrak zera esan digu “nik emakumeetaz hitz egiten ari naiz, baina gizon eta transexualak ere zaku berean sartzen ditut. Izan ere, gizonek ere kezkak eta galderak izaten baitituzte”. Eta zera atxikitzen du, “portzentaia kontuan izanik, emakumeak eskatzen dute laguntza gehien. Honetaz gain, transexualak emakume bezala kontsideratzen ditugu, haiek bere burua emakume kontsideratzen baitute”.
Prostituzioan sartzearen zergatia galdetzen zera aipatzen digu, “gure ustez eta haiek azaltzen dutenez, prostituzioan ibiltzen direnek dirua behar dutelako egiten dute”.
Bizitza
“Zail egiten zaie batzuei lana eta bizitza bateratzea. Hori pertsonalitatearen araberako gauza da. Gainera, ez zaie erraza egiten prostituzio lanean dabiltzala esatea. Batzuk hori ezkutatzeko estrategiak dituzte eta ez zaie zail egiten gezurrak esatea. Estigmarengatik inork ez du esaten prostituzioan nabil”, aipatu digu Sandrak.
Eta prostituzioa uztea aipatu dugunean, hau esan digu ”zaila da, kontua da ez dela prostituzioa utzi eta listo. Faktore asko daude, hala nola, atzerritarren legea. Horregatik paperik gabe dagoen pertsona batek ezin du prostituzioa hala nola utzi, bere lurraldean familia dago eta dirua bidali behar die. Gainera, guretzat zail da lana aurkitzea, pentsa haientzat. Bi urte, hiru, edo lau, batzuk bizitza erdia daramate; besteek, aldiz, argi daukate ni hona etorri naiz bi urte lan egin, dirua aurreztu eta etxera bueltatzen naiz”.
Arazo eta bezeroak
Arazoak aipatuaz, hau ere azaldu digu, “ez da gauza bera klub batean edo pisuan lan egitea. Klubean egoteak alkohola eta gauez lan egitea dakar. Pisuan modalitate desberdinak daude, 24 orduko pisuak, eguneko pisuak, etab. 24 orduko pisuetan lan egiten dutenek gainera arazoa dute. Ezin dira bertan erroldatu, beraz, ezin dute osasun txartela izan eta beste pisu baten sartzeko arazoak dituzte. Klubetan lanean osasunarentzat kaltegarria diren faktore asko daude, tabakoa eta alkohola, esate baterako. Eta zaindu behar dira”
Honetaz gain, zera azpimarratu du, “haiek oso kontzientziatuak daude prebentziorekin, bezeroak dira hain kontzientziatuak ez daudenak. Emakumeak oso kontzientziatuak daude eta bere gorputza zaindu behar dutela argi dute, horrekin lan egin behar baitute. Bezeroak dira kondoirik gabe egin nahi dutenak. Mitoa neskek kondoirik gabe egiten dutela da, baina ez da horrela bezeroak dira eskatzen dutena eta, gainera, diru gehiago eskaintzen dute gabe egiteko”.
Honetaz gain bezeroen gaiaren jarraikiz, zera azaldu digu, “gaia zaila da. Badago sexua nahi duenik, baina badago nesketaz maitemindu eta ezkondu direnak ere. Arazoak ere badaude, batzuk edanda doaz eta beste pisuetan jotzen dute, beraz bizilagunekin arazoak sortzen dizkiete; gutxiago ordaindu nahi duenik ere badago. Baina sektore guztietan bezala”.
Estigma eta legalizazioa
Estigmari buruz Aukerako ordezkariak hau aipatu digu, “guk emakumeekin lan pila egin behar dela uste dugu. Antsietatea dute eta entzunak izatea behar dute. Sentsibilizazioa landu behar da, emakumeengan estigma hori desagertzeko, oso gogorra baita. Haientzat eta baita aldamenean duen guztientzat ere. Ondorioz, honekin batera, paraleloki gizartearekin lan egin behar da. Binomio bat da, eskaera ez badago ez dago eskaintzarik. Beraz, denekin lan egin behar da”.
Eta zera atxiki du, “estigma desagertzeko guk gogor saiatuko gara. Baina historia ikusita, prostituzioak estatus desberdinak izan ditu. Egun, Europa mailan, Alemania eta Holandan nahiz eta lan bezala kontsideratua egon, prostituta asko legalizazio honetatik kanpo daude. Beraz, hutsuneak daude. Hori pauso bat da, baina guk emakumeekin lan egiten jarraituko dugu”.
Eta, azkenik, legalizazioari buruz hitz egiterakoan hau azaldu digu Sandrak, “Aukera elkartetik postura guztiak ulertzen ditugu. Batetik mafia kontuak daude. Errealitatea dira eta horrekin ez gatoz bat. gainera, hori legeztatua eta zigortua dago. Beste batzuk ez dute jarraitu nahi eta besteek lana kontsideratzen dute. Denei aukera eman nahi diegu. Gure zentroa ez da kasualitatez Aukera deitzen”.•