Txintxarri
Aurreko asteburuan Lasarte-Oria eta Usurbildik bederatzi pertsona habiatu ziren Sevillaruntz igandean ospatu zen maratoian batzuek parte hartzera eta besteak animatzera.
Mundu guztiko 3.200 korrikalari baino gehiagok hartu zuten parte maratoian, inoiz baino gehiago. Igor Otaegik, Gorka Lasak, Mikel Arrutik eta Xabier Arrutik aurreko igandean goizeko 9:00etan ekin zioten aurretik zituzten 42 kilometroei. Kontatu digutenez aste osoan zehar Sevillan oso eguraldi txarra egin zuen arren, igandean errespetatu zien eta korrika egiteko eguraldi ona izan zuten.
Maratoia Cartujako estadioan bukatu zen eta 2.449 korrikalarik pasa ziren helmugako arkutik, herriko korrikalariak tartean. Lortu zituzten denborei dagokienez, Igor Otaegik 3h17¨ egin zuen, Mikel Arrutik 3h14¨, Gorka Lasak 3h11¨eta Xabier Arrutik hiru orduetatik behera egitea lortu zuen, 2h59¨. Xabierrek hiru ordutan egitea espero zuela kontatu digu. Beraz, bere marka hautsi zuen.
Maratoiko irabazleak ondorengoak izan ziren: Samson Kiptoo (gizonezkoen maila absolutoan, Ana Días (emakumezkoen maila absolutuan) eta Jorge Madera (minusbaliatuetan).
Bartzelonako maratoia
Igande honetan, otsailaren 2an, 7.441 atletek Bartzelonako kaleak hartuko dituzte. Tartean, bi lasarteoriatar izango dira Bartzelonako Maratoia egiten, Mikel Artola eta Tomas Arruti. Hurrengo astean hauen berri emango dugu.
Herritik Tamessi ibaira
Korrikarako zaletasuna izateaz gain, Xabier Arruti Ur-Kirolakeko arraunlaria da. Martxoaren 16an Ur-Kirolakeko zortziko beteranoan Tamessisen ospatuko den estropadan parte hartuko du.•