Mamu Herri filmaren estreinaldi mundiala

Txintxarri 2008ko otsailaren 29a

Gabonetako oporretan Gazte Klubeko haurrek grabatutako filma dugu Mamu Herri. Lan pixka bat ere egin behar izan dute: lehenbizi gidoia pentsatu eta prestatu behar izan zuten; gero non eta noiz grabatuko zuten erabaki, atrezzoa prestatu, lortu edo egin, pertsonaiak erabaki eta banatu aktoreen artean... Emaitza berriz, ederra.

Txintxarri

Ttakun Kultur Elkarteak, udaleko Euskara Batzordearen laguntzarekin duen Amaraun ludotekaren barnean dago Gazte Kluba egitasmoa. Bertan, LH3 eta LH6 bitarteko haurrak, hau da 9 eta 12 urte bitartekoak, biltzen dira astean behin. Irailean hasi zen egitasmoari hau, eta egia esan arrakasta handia izan du, izan ere gaur egun 30 haur inguru biltzen dira.
Egitasmo honetan, jolas kooperatiboak, bideo jokoak, bideo proiekzioak, talde eztabaidak, bertso tailerra, pista jolasak, irteerak, eta abar egin eta egingo dituzte (ikasturtea bukatu arte ekintza ugari baitituzte programatuak). Gainera aurten, Gazte Txoko berria eratu zuten irailean eta bertan teknologia berriekin aritzeko aukera eskaini zaie haurrei.
Gazte Kluba programaren edukiak taldearekin batera lantzen dituzte. Haurren nahiak eta jarrerak kontutan eduki eta gustukoak izango diren ekintza hezigarriak garatzen dituzte.
Horietako ekintza bat izan da Mamu Herri filmaren grabazioa. Grabazioari gustua hartu diote eta orain, sortu berria duten abestiaren bideoklipa grabatuko dute.
Mamu Herri Lasarte-Orian bertan grabatutako filma da. Herriko txoko batzuk aukeratu eta bertara joan ziren grabatzera: Villa Mirentxura, Okendo plazara, Erribera kalera eta ludotekan ere grabatu zuten.
Mamu Herri filman, Lasarte-Oria desertu bilakatu zenekoa kontatzen dute. Egun batetik bestera herriko jende guztia “deagertu egiten da”, baina zergatik? Zer gertatuko da orduan herrian?... galdera guzti hauen erantzuna, gaur arratsaldean Jalgi kafe-antzokian izango duzue, arratsaldeko 18:30ean. Hori bai, filma ikusteko asmoa baduzue, beldur guztiak etxean uztea gomendatu digute zuzendari eta aktoreek.•