Txintxarri
Igande goizerako egin zuen Lasarte-Oriako Ezker Abertzaleak Okendo plazarako deialdia. Independentzi eguna aldarrikatuz eta salbuespen egoerari stop lemapean, martxoaren 9ko hauteskundeetan ez bozkatzeko eskatu zuen Ezker Abertzaleak.
Goizeko 11:30etik hasi eta eguerdira arte egon ziren Okendo plazan hainbat aldarrikapen eginez eta iragarri bezala postu ezberdinekin.
Eguraldia lagun, txikienek tailerrak eta eskulanak egiteko aukera izan zuten; kamixetak erosteko edo eta hamaiketako egiteko aukera ere bazegoen, pintxoak, txakolina, freskagarriak eta hainbatekin.
Goizean zehar abstentzioaren hautua egiteko deialdi berezia egin zieten abertzale eta aurrerakoi guztiei. Euskal Herriaren garaia delako, aurrera egiteko garaia delako, salbuespen egoerari stop lemapean hainbat aldarrikapen egin zituzten. Ilegalizazioei, torturei eta atxiloketei stop esateko; lurraldetasunaren eta erabakitzeko eskubidearen alde abstentzioa eskatu zuten.•