IV. Gizarte Zinemaldiak paregabeko bukaera izan zuen

Txintxarri 2008ko martxoaren 3a

Danok Kideko Esperientzia eskolak balorazio ona egin du aurten antolatutako edizioaz

Txintxarri

Amodioa hirugarren adinean, hori izan zen otsailaren 25ean, astelehena, Danok Kideren IV. Gizarte Zinemaldiari bukaera eman zion gaia. Honen barruan, Paul Cox zuzendariaren Nunca me olvides filma ikusi eta, ondoren, maisutasun handiz Secundino Gonzalez sexologoak zuzendutako mahai inguru interesgarria egin zen.
Lau astelehen iraun dituen ziklo honek Alzheimerra, bolondresgoa, adimen urritasuna eta amodioa hirugarren adinean gaiak aztertu ditu. Horretarako El diario de Noa, Cadena de favores eta Elling filmak eskaini eta INGEMA elkarteko Igone Etxeberria, Nagusilaneko Jose Luis Elosua eta ATZEGIko Aloña Agirre izan dituzte mahai inguruetako zuzendari lanetan.

Balorazio ona
Antolatzaileek jakin arazi digutenez, IV. Gizarte Zinemaldiak arrakasta handia izan du.Izan ere, jende ugari hurbildu da astelehenero Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretora, bataz besteko ehun pertsona baino gehiago. Honek gai eta ekitaldiak sortu duten interesa agertzen duela uste dute antolatzaileek.
Eta, era berean, aipatu dutenez gaien aniztasunak, pelikula aproposen hautaketa eta hizlarien azalpen adierazgarri eta esperimentalak izan dira gizarte zinemaldi honen ezaugarri nagusiak.

Lau urteetako balantzea
Honetaz gain, lau edizio hauetako balorazioa ere egin dute Danok Kide elkartekoek.
Hau ere oso positiboa da, gaien gaurkotasuna, film esanguratsu eta erakargarrien eta hitzaldien azalpen zehatz eta hezitzailea azpimarratzen dutelarik.
Honela, lau urte hauetan Hable con ella, El hijo de la novia, En la ciudad sin limite, Las cartas de Alou edo Los lunes al sol filmak ikusi dira eta emigrazioa, drogamenpekotasuna, guda, pobrezia, komunikazio eza edo bakardadearen gaiak jorratu dira emanaldietan.
Era berean, jendeak lehenengo urtetik emandako harrera eskertzen dute, baita Manuel Lekuona kultur etxeko arduradunek eskainitako laguntza ere.

Kezka
Hala ere, kezka bat badute, aretoa bera, kulturetxeko hitzaldi aretoa.
Antolatzaileen iritziz, aretoko baldintza anbientalak ez dira aproposenak bi orduz bertan egoteko. Gainera, jende kopurua kontua izanik, baldintza horiek ez direla onenak narbarmea da saio bakoitzean. Baina antolatzaileek argi dute dagoenera moldatu behar direla eta, aldi berean, arazo hori alde batera geratzen dela ekimenaren arrakasta ikusirik.
Horregatik Danok Kide elkarteak eta Esperientziaren eskolak mota honetako ekitaldiak antolatzen jarraituko dute.

Aurrerantzean
Kirola oinarri hartuta, Giza Baloreei buruzko hitzaldien zikloa antolatu dute maiatzerako. Baina ziklo hauetaz gain ez dugu ahaztu behar kurtso osoan zehar antolatzen diren ekimenak: Musika Topaketak, formazio iraunkorreko eskolak...•