Txintxarri
Titularrekoak izan ziren, “ni barne” Andoni Egañak osteguneko hitzaldian botatako hitzak. Garrantzitsua beraz, hitzarekin trebea izatea lan gehiegi egin nahi ez duenak.
Ahozkotasunari gero eta garrantzi gehiago ematen zaio, diogu, egun gizartean. Baina zerbaitetan kale egin dugu eta egiten dugu. Izan ere, Egañak garbi utzi zuen moduan, gero eta garrantzi gehiago duena galtzen utzi dugu; guk gure arbasoek baino jario gutxiago dugu eta era berean gure seme-alabek baino gehiago dugu.
Ahozkotasuna ez da informazio trukaketa soila, zerbait gehiago da. Gure arbasoak hizkuntzarekin jolastu egiten zuten, hitz jokoak asmatu, ipuinak... denbora pasarako erabiltzen zuten; guk hori galdu egin dugu.
Eskoletan euskaraz zuzena irakasten da, baina ez dela nahikoa aldarrikatu zuen. Euskara jatorra eta egokia ere ez ditugu ahaztu behar.
Egañaren esanetan euskara zuzena garrantzitsua da, baina ez da euskara on bakarra... segun.
Bertso-afaria
Ostiral iluntzean Arrieskalleta elkartean bertso afari ederraz gozatzeko aukera izan zen. 40 lagun, zahar eta gazte giro ederrean afaldu eta bertsoz asetzeko aukera. Herritarrak, bertso eskolako kideak eta tartean aurten Gabirin Osinalde saria irabazi duen Aitzol Barandiaran Ataundarra.
Bapo afaldu ondoren, Irazu eta Beñat Gaztelumendik bereganatu zuten arreta. Elkarteko dekorazioaz aritu ziren, diseinuaz, eta dotoreziaz, baina Irazuk faltan bota zituen serbileta txuri-gorriak.
Jexus Mª Irazuk, beteranoak, gidari papera hartu zuen eta Gaztelumendik ederki jarraitu. Afaldutako postreari behin baino gehiagotan aipu eginez, bata kafea eta bestea yogurra.
Unai Muñoa izan zuten gai-jartzaile eta farregarri egon zen esaterako: gazterik ezkondu eta berrogeita hamargarren urtea elkarrekin ospatzeko senarra biagra pirula batekin emaztearengana azaldu zenekoa.
Gaien aldetik, aukera zabala erabili zuten. Etxebizitza, adibidez. "Etxe handirik ez da behar plazaz plaza ibiltzeko." Kantatu zion Irazuk Beñati. Nola ez hauteskundeak. Zaharrak ala gazteak nork dauka premi gehiago? Herriko alkatea, e.a.
Kariño handiz tratatzen dute bertso eskolakoek Ebaristo Pikabea, eta atzo ere hala izan zen. Bai berak erantzun ere. Pilarmonikarekin pieza pare bat ere jo tzituen denok alaitzeko.
Kopletan saio bizi-bizia egin zuten bertaratu zirenei buruz kantatuz. Ikastolako autobuseko txofer ohiari bere pazientzia goraipatuaz, sukaldarien bertuteak nabarmenduz, bertsolari txapelketan epaile lanetan ibili denari ere egur pixka bat eman zioten, bertsolariaren amari, semea ongi gobernatua daukala esanez, e.a.
Bukatzeko bertso eskolako zenbait kideekin batera puntuka aritu ziren saioaren errepasoa eginez.
Eta agurrean esan zuten bezala, lehenengoak balio dezala bigarrena egiteko. Ea ohitura bihurtzen dugun urtean behin bederen, bertso afari bat Lasarte-Orian.•