Lasarte-Oriako haurren ekarpenak azoka solidarioan

Txintxarri 2008ko martxoaren 3a

Santa Teresa ikastetxeak antolatu du azoka solidarioa martxoaren 6rako eta 7rako. Lasarte-Orian egon ez arren, gure herriko haur askok bertan ikasten dute. Aurten azokarekin jasoko duten dirua Kongora eta Venezuelara bidaliko dute, bertan dituzten proiektuak garatzeko. Interesgarria iruditu zaigu haur hauek bertan antolatzen duten azoka solidarioan duten parte hartzeari buruz hitz egitea. Hau dela eta, ikastetxeko arduradunekin aritu gara solasean.

Arantxa Genau

Zenbat urte daramatzazue ekimen honekin?
2005 urtean hasi ginen ikastetxean bertan azoka solidarioa antolatzen. Beraz, hau laugarren urtea izango da.

Nondik sortu zen ideia hau?
Gure heziketa-proiektuaren barne, solidaritatea eta justizian oinarritutako gure ikasleen heziketak garrantzia handia du. Eskola komunitatea osatzen dugun guztiok ekintza solidario ezberdinak burutzen ditugu eta horien artean azoka txiki solidarioa aurkitzen da.

Azokan saltzen diren gauzak nola lortzen dituzue?
Gutun bat bidaltzen dugu enpresetara eta doainik ematen dizkigute beraien produktuak. Espero baino handiagoa izaten da enpresen eskuzabaltasuna.

Nola parte hartzen dute ikasleek?
Gabon aurretik hasita, haurrek etxean dituzten eta eman nahi dituzten jostailu, liburu, bideoak… ekartzen dituzte azoka solidarioan saltzeko. Bestetik, zozketarako txartelak ere saltzen dituzte. Eta noski, azoka egunean bertara etortzen dira nahi dutena erostera.

Ze motatako produktuak aurkitu ditzakegu bertan?
Denetik. Janaria, jostailuak, arropa, zapatak, liburuak, bitxiak, landareak, etxeko apaingarriak… Eta beste hainbat gauza ere zozketatzen dira. Esate baterako, bi pertsonentzako bazkariak jatetxe ospetsuetan, ile-apaindegietan "look" aldaketak…

Azoka solidarioa izanik bertan lortutako diruarekin zer egiten duzue?
Diruaren zati bat, Venezuelako Apure estatuan aurkitzen den Biruaca herrira bidaliko dugu. Hain zuzen ere, bertan n jantzigintza, sukaldaritza, helduen alfabetatzea bezalako tailerrak eskaintzen dituen Teresiar eskola bat inguratuko duen segurtasun horma eraikitzeko. Proiektu hauek Enrique de Ossó Fundazioak kudeatzen ditu.
Diruaren beste zatia, Kongoko Ntongui herriko Emakumeentzako Trebakuntza eta Sustapen Zentrora bideratuko dugu. Egitasmo hau MAnos Unidas GKEak burutuko du.

Noiz eta non erosi ahal izango dugu azokoa solidarioan?
Azoka martxoaren 6an eta 7an izango da Santa Teresa ikastetxean bertan, goizeko 9:30etik 13:30era eta arratsaldeko 15:30etik 18:30era egongo da irekita azokara etorri nahi duen edozeinentzako.

Zer esango zenioke jendeari zuen azokara animatu dadin?
Etor daitezela eta ikusiko dute diru gutxirekin gauza asko eros daitekeela. Gainera, merke erosteaz gain, lortutako diru hori besteei laguntzeko izango da. Bertan parte hartzeak merezi du, horregatik lasarteoriatarrak animatu nahi ditugu bertara.•