Bi kontzertu eder izan dituzte musikazaleek

Txintxarri 2008ko martxoaren 3a

Ostiralean kontzertu ederra izan zen Brigitatarren komentuan eta larunbatean Ismael Serrano abeslaria izan zen kulturetxean

Txintxarri

Asteburu musikala izan dugu herrian. Ostiralean Danok Kideren Musika Topaketekin izan genuen hitzordua; larunbatean, aldiz, Manuel Lekuona Kultur etxean Ismael Serranoren kontzertua izan zen.
Danok Kideren III. Musika Topaketako saioan Ainhoa Merzero sopranoak Alberto Saez Puente pianojolearen laguntzaz Kolore pintzeladak musikaren abiapuntu emanaldia eskaini zuen beteta zegoen komentuan.
Zarzuela, opera edo folklorea entzungai izan ziren Hernaniko sopranoaren ahots paregabean, hala nola, Haendelen Mesiaseko Rejoice edo Pucciniren Totrandot obrako Signore, ascolta!, baita Jose Antonio Merzero lasarteoriatarrak konposatutako A Santa Teresita, Maiatzeko Lorea, Zuretzat gure bihotza eta Jesus gure Jainkoa obrak ere.

Ismael Serrano
Bestalde, Ismael Serrano izan genuen Manuel Lekuona kultur etxeko aretoan larunbatean. Lasarte-Oriako Gazteria eta Festetako batzordeak antolatutako emanaldi honetara ia bostehun lagun bildu ziren.
Honela, abeslari madrildarrak bere azken diskoa, Sueños de un hombre despierto, aurkeztu zuen. Eta diskoko hamahiru doinuak abesteaz gain, beste diskoetako abesti arrakastatsu batzuk ere eskaini zituen.•