08_Martxoak 8, emakumeari buruz gogoeta egiteko eguna

itziar-carrasco 2008ko martxoaren 7a

Aurreko astean Gehituko, gay, lesbiana, bisexual eta transexualen elkarteko ordezkariek, Jesus Estonbak eta Koldobike Mujikak Emakume homosexualak historian zehar erakusketa aurkeztu zuten Emakumeen Zentro Zibikoan. Hau dela eta Koldobikerekin izan gara Gehitu elkartea hobeto ezagutu ahal izateko.

Itziar Carrasco

Gehitu zein helbururekin sortzen da?
Gehitu 1997ko urriaren 25ean jaio zen, Donostian. 30 gizon homosexualek elkarte bat eratu zuten, inolako atxikipen politikorik gabe, guztiak biltzeko eta gizartean eta legean berdintasuna aldarrikatzeko.
Lesbiana, gay eta transexualen berdintasuna eragozten zituzten legezko oztopoak astintzea izan zen Gehituren sorreran ezarritako helburuetako bat. Bada, urte hauetan zehar, legezko aurrerapen handien eragilerik nagusienak izan gara: Nafarroako Izatezko bikoteen Legea (2001), Euskadiko Izatezko bikoteen Legea (2003), Sexu bereko pertsonen arteko ezkontza (2005), Genero Identitate Legea (2007). Gizartean, homosexualitatearen eta transexualitatearen balorazioan gertatutako aldaketaren ondorio bezala ere etorri diren legezko aurrerapen horietan, Gehituk asko lagundu du. Gu komunikabideetan agertu izanari esker, pertsona homosexualek eta transexualek badute aurpegia, eta gai-arlo desberdineko jardunaldietan hitz egin dugu: guraso bakarreko familiak, hirugarren adineko homosexualitatea, transexualitatea, homosexualitatea eta hezkuntza...
Zer aldarrikatzen duzue?
Behin eskubide legalak lortuta, gizarte-normalizazioari ekin diogu. Gizartean dauden homosexualitatearekiko aurreiritziak, jarrerak, jokabideak, eta abar, ez dira egun batetik bestera aldatzen. Horrek lana eskatzen du, gizarteratzea, alegia, normaltasunez hitz egitea eta onartzea. Hezkuntza arloa jotzen dugu garrantzitsuenetakoa. Horregatik, ikastetxeei Hitz egin dezagun homosexualitateaz programa eskaintzen diegu.

Oraindik ere, hainbat herrialdeetan homosexuala izateagatik heriotz zigorrera kondenatzen dute jendea.
Nazioarteko lankidetza beste helburuetariko bat da. Maiatzaren 17a, Homofobiaren aurkako eguna aldarrikatzen hasi zen duela hiru urte, eta Gehituk ere oso kontuan hartzen du egun hori, nazioartean homosexualitatea eta transexualitatearen egoera nola dagoen plazaratuz eta giza eskubideen urraketa salatuz. Ezin dugu ahaztu mundu globalizatu batean bizi garela. Horrela bada, lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkarteek ezin ditugu ahaztu beste herrialdeetan bizi diren pertsona homosexual eta transexualak. Ezin diegu bizkarra eman beren bizitza arriskuan jarriz legearen eta gizartearen jazarpenari aurre egiten dioten haiei. Gure eginkizuna hemen lortu ditugun gizarte eta lege mailako aurrerapenak mundura hedatzea da.

Zer lantzen duzue gazteekin?
Gure gizartearen etorkizuneko eragile aktiboak dira, aniztasunean eta errespetua baloratuz hezi daitezen lagundu behar dugu. Baina aldi berean, gure nerabe eta gazte lesbiana, gay eta transexulek, era integral eta normalizatuan garatzeko bidea emango dien erreferente positiboak izan ditzaten ahalegindu behar dugu. Ikastetxeetan, kalean, homosexuala izatea eta esatea modu naturalez, ez dadila arazo izan, haientzat.

Zer eskaintzen du elkarteak?
INFASIS (Informazioa eta Laguntza zerbitzua). Ikusten genuen gizartean hutsune handi bat zegoela, hau da, gay eta lesbiana askok euren homosexualitatea onartzeko arazoak dituzte, beraz elkarteak horiei laguntzeko zerbitzua du. Askotan gurasoek beraiek izaten dituzte euren seme-alaben homosexualitatea onartzeko arazoak, eta haiei ere laguntzen zaie.
Hainbat ekitaldi antolatzen ditugu ere: hilero mendi irteerak, antzerki taldea, abesbatza, Zinemaldian parte hartzen dugu, konpartsa…

Aurrera pausoak eman al dira gizarte kontzientziazioan?
Oro har bai esango nuke. Egindako lanak eman du eta ematen ari da fruitua. Hala ere, jarraitu behar dugu, normalizazioa ez da guztiz lortu.

Martxoaren 8a, emakumearen eta erreflexio eguna, zerren inguruan egin beharko genuke gogoeta?
Nagusiki lesbianen presentzian, batez ere, aldarrikapenetan. Existitzen gara Emakumearen eguna lesbianona ere bada, ez bakarrik heterosexualena.•