Lasarte-Oriako KZ Guneak arduraduna aldatu du. Jon Goikoetxeak gidatuko du zentroko jarduera hemendik aurrera. Ordutegia 9.00etatik 13.00etara eta 16.00etatik 20.00etarakoa da, astelehenetik ostiralera, eta Sasoeta auzoko Oriamendi plazan kokatuta dago. Gogoratu, bertan ematen diren ikastaroak erabat doakoak direla. KZgunea sareak teknologia berriei buruzko zerbitzuen eta ikastaroen katalogo zabala eskaintzen du. Internet erabiltzen ikasteko eta nabigatzeko behar diren instalazioez hornituta dago, eta guztia erabiltzaileentzako kosturik gabe. Gainera, IT txartela eskuratzeko aukera ematen du, teknologia berrietako ezagutzak egiaztatzen dituen ziurtagiria.
Batetik, informatikako oinarrizko ikastaroak eskaintzen dituzte, astean bi ordutakoak 18 urtetik gorakoentzat. Bestetik, gai ezberdinetako hastapen mintegiak eskaintzen dituzte: biruskontrakoak, ekipoaren konfigurazioa, posta elektronikoa, argazkien tratamendua, sinadura elektronikoa, eta abar. Goikoetxearen hitzetan, "KZgunea espazio irekia da non, beste gauza batzuen artean, herritarrek doan ibili daitezke Internet sarean".•