Mugikor zaharren bilketa ingurumenerako onura

Nerea Eizagirre 2008ko martxoaren 7a

Gehienok mugikorra dugu eta gutxi batzuk modelo berria eskuratzeko irrikitan egongo dira. Estatistikak diotenez, Espainian mugikor batek bataz beste 16 hilabeteko iraupena du eta pertsona bakoitzak lau izan ditu bere bizitza osoan zehar. Telefoniako enpresak zaharrak biltzen dituzte, baina zer gertatzen da hauekin?
Telefoniako enpresa desberdinek ingurumen akordioak sinatu eta mugikorren birziklapena eta berrerabileraren aldeko ekintzak burutzen dituzte. Hala ere, gehienak birziklapenaren aldekoak dira, izan ere, legeak honen alde egiten baitu.

Birziklatu, zergatik
Mugikor baten %90a birzikla daiteke: %58an plastikoa da, %17an beira eta %25an metala. Bateria da elementurik kutsakorrena, kadmioa, litio eta metal hidruroa duelako eta honekin batera, zirkuitu integratuak. Hauek guztiak birziklatuz, baliagarriak diren elementuak lortu daitezke eta, era berean, errekurtso natural eta energetikoak aurrezten dira, ingurumenaren onurarako.
Eurosource Europe elkartearen arabera, 60 milioi pertsonek mugikorra berritzen dute urtean, 85 milioi ez dira erabiltzen, 30 bat milioi etxeko bazterretan ahaztuak daude eta iaz 20 milioi erosi ziren. Datu hauek ikusita birziklapen datuan ikaragarriak izan beharko lirateke, baina Estatuan terminalen %5a soilik birziklatzen dira.
Honetaz gain, mugikorra erostean lau zentimoko kanona ordaintzen dugu bere birziklapena bermatzeko. Hau guztiarekin eta birziklapenetik lortzen diren materialen etekin ekonomikoekin mugikorren hondakinen kudeaketa ordaintzen da, bilketa, garraioa eta tratamendua. Eta honen guztiaren bataz besteko kostu osoa 9 zentimotakoa da.
Baina nola birziklatzen da? Bost pauso ematen dira mugikor bat birziklatzeko, lehenik mugikorra telefoniako dendetako edukiontzietan utzi, bigarren pausua edukiontzi guztien bilketa eta dagokion zentrora garraiatzea, hirugarrenik mugikorrak pisatu, hondakinak sailkatu eta ingurumenerako kaltegarriak diren elementuak baztertu, ondoren terminalen frakzioak eta bateri-kargagailuak birrinketa bidez birziklatzen dira; eta, azkenik, sistema aurreratu baten bidez, lehen gai erabiliak, osagai metalikoak eta plastikoak berreskuratu eta ekoizpen katean sartzen dira berriro ere.

Berrerabilera
Baina esan bezala hau ez da egitasmo bakarra, berrerabilera ere sustatzen baita.
Erabilitako terminalak aztertu, pantaila eta teklatua aldatu eta garapen bidean dauden herrialdeetara, hala nola, Rumaniara bidaltzen dira bertan prezio baxuagoan saltzeko.
Honela bi helburu lortzen dira, bata herrialde horietan garapena sustatu, kontsumoa bultzatzen dute mugikorrak eskuragarri baitira, eta bestea errekurtso naturalen ustiaketa ekiditea.
Hainbat telefonia enpresek Gobernuz kanpoko erakundeekin elkarlanean, egitasmo honekin bat egiten dute, Euskaltel eta Alboan Eman zure mugikorra edo Vodafone, Entreculturas eta Gurutze Gorriak, esate baterako. Hauek bigarren eskuko mugikorrak saldu eta eskuratutako dirua hainbat proiektuetara bideratzen dituzte.
Ekimen hauek arrakasta handia izaten dute eta, hala nola, 2006-2007 ikasturtean Vodafonek 100.000 mugikor biltzea lortu zuen eta Euskaltelek 57.000 eurotako dirulaguntza eman zion Alboan erakundeari.
Beraz, gogoratu, mugikor zaharrak eta osagarriak salmenta puntu edo San Markos Mankomunitateko kamioira eraman, gure ingurumenaren onurarako baita.•