Denak ez du balio

Txintxarri 2008ko martxoaren 7a

Pasa den otsailaren 26ean, EB-Berdeak taldearen eledunak Michelin lantokiaren atarira etorri ziren hauteskunde propaganda banatzera. EB-Berdeak taldeko Gipuzkoarako kongresuko zerrenda-buru denak beste taldekide batzuen laguntza eduki zuen lan honetan, Michelingo enpresa batzordean ESK-ko ordezkari eta EBkoak diren bi pertsonetaz ere lagunduta egon zen.
Biharamunean prentsan irakurri genituen EB-Berdeaken Gipuzkoarako kongresuko zerrenda-buru denaren hitzak. "langileen aldetik oso harrera ona eduki dugu, deslokalizazioen aurrean EBk laguntza eman dielako eta beti egongo delako beraien alboan.
Ez gara gu izango EB-Berdeaken eledunek jaso zuten harrera neurtuko dugunak, baina badaude pare bat kontu argitu nahi ditugunak. Pertsona honek dioenean langileak lagundu dituztela deslokalizazioen aurrean, ongi aukeratu beharko luke zer pertsonen alboan egiten dituen horrelako adierazpenak. Izan ere momentu horretan bertan, eta hauteskunde propaganda berbera banatzen, Michelingo enpresa batzordean ESK-ko ordezkari eta EBko kide diren bi pertsonaz lagunduta zegoen, eta hauek multinazionalaren deslokalizazio planei baizkoa esan zioten akordioa sinatuz eta beraz deslokalizazioaren alde egiten.
Denbora gutxi pasa da Michelinen Plan Deslokalizatzailea sinatu zutela, plan horren garapena hasi besterik ez da egin. Horregatik diogu hauteskunde kanpainan egon arren denak ez duela balio, eta horrelako adierazpenak gutxienez oportunistak iruditzen zaizkigu. Baina deslokalizazio kasu baten aurrean men egin duten pertsonez inguratuta egiten direnean fartsa hutsa iruditzen zaizkigu.
Gu langile eta abertzale garen heinean, garbi dugu gure aukera. Deslokalizazioari aurre egin genion bezala, egoera ez demokratiko honi ere aurre egingo diogu, abstentzioaz.

Josu Portu, Xabier Bobillo eta Jon Martin.
Michelingo Enpresa Batzordeko kideak.