Bertan zegoen Ostatu-berri taberna urriaren bukaeran itxi zuten
Okendo plaza handiagoa da astearteaz geroztik. 1917. urtean Pedro Jose Arrietak eraikitako etxea bota baitute.
50.hamarkadan Eustasia Arrietak Los Arbolitos izeneko taberna ireki zuen. Urte batzuen ondoren Agirretarrak hartu zuten taberna hori eta Ostatu-Berri izendatu zuten. Ostatu-Berri tabernak iazko urriaren bukaeran itxi zituen ateak. Egun hartan herritar ugari hurbildu ziren Ostaturi eta bertako familiari eskerrak ematera eta agurtzera.
Jende ugari bildu zen Arrieta etxearen inguruan botatzeko garaian. Bertaratutakoen ahotik komentario ugari entzun genituen: “Lasarte-Oriako historia zati bat joan da etxearekin batera”, “ze pena...”, “eraikin zaharrik ia ez da herrian gelditzen”... Bertan zeuden etxebizitzetako jabeak berriz, herritik alde egin zuten asteartean, botatzen ez ikusteko. Oraindik ere bertatik pasatzerakoan burua bestaldera jiratzen dute, etxeak utzitako hutsunea ez ikusteko.
Arrieta etxea ez da botako duten bakarra. Okendo plazaren atzeko pareta ere botako dute eta Brigitatarren komentuko arkupeen azpitik, beste plaza handi batetara pasabidea egingo dute.•