Txintxarri
Lasarte-Oriako Alcohólicos Anónimos taldea duela hilabete eratu zen. Taldeak bilera irekiak eta itxiak burutzen dituzte. Bilera irekiak, asteartekoa bezala, edozein arrazoirengatik alkoholismoaren gaian interesa duen edonori zuzenduta daude, ez arazoa edo gaixotasuna dutenentzat bakarrik. Hauek hilabeteko lehen asteartean izango dira 20:00etan. Bilera itxiak, berriz, edaria utzi nahi dutenentzako zuzenduta daude. Hitzorduak urteko astearte eta ostegun guztietan izango dira, jai egunak izan edo ez, 20:00etatik 22.00etara, Villa Mirentxun.
Taldekideek kontatu digutenez, harrituta daude Lasarte-Oriako talde berriak izan duen harrerarengatik: “Arazoa duen jende asko etorri da errekuperatzeko nahiarekin. Gainera, berehala integratu dira taldean, hau ez da ohikoena izaten.
Anonimotasunean
Elkartearen izenak dioen bezala, talde kideen izen abizenak anonimotasunean gordetzen dira: "asistentzia erabat anonimoa izango da eta Udaleko Gizarte Zerbitzuak ez dira ezertarako sartuko. Alcohólicos Anónimos bulegoan ez duzu inoiz talde kideen zerrendarik, izenik aurkituko. Hori baita taldearen izaera eta ezaugarri nagusiena".
Garrantzitsua da jendeak jakitea talde hau dagoela. Taldekide batek bere hasierako esperientzia kontatu digu: "nik alkohola uzteko hainbat saiakera egin eta denbora asko galdu eta asko sufritu ondoren - psikologoak, psikiatrak, medikuak, bakarrik- Alcohólicos Anónimos talde batean hasi nintzen eta irtenbidea eman didan aukera bakarra izan da. Hemen esperientzia berdina edo antzekoak bizi dituzten pertsonekin topatzen zarelako. Gainera konturatzen zara ez zaudela bakarrik. Taldeak eman diezazukeen laguntzaz gain oso garrantzitsua da familian eta lagunen laguntza sendoa ".
Taldera gerturatzen denari ongi etorria eman eta jarraitzea erabakitzen badu, 12 urratsetako programarekin hasten dira. "Norberak erabakitzen du zein maiztasunarekin etorriko den bileretara. Behin bileran gaudela, nahi duenean joan daiteke, bakoitza libre da nahi duena egiteko. Ez gaitu inork kontrolatzen".
Taldekideek diotenez alkoholismoa sendotzen ez den gaixotasun mental bat da: "edateari utzi diezaiokezu, baina bizitza osoan izango zara alkoholikoa".
Alkoholismoa gero eta gazteagoetan
Alcohólicos Anónimosek eskaintzen dituen datuen arabera, alkoholiko gehienak 16-17 urterekin hasten ziren edaten eta alkoholiko kopuru altuena 41-60 urte bitartean kokatzen da. Baina, Lasarte-Oriako taldekideak esan digunez, alkoholismoa gero eta lehenago ematen da. Hau da, 13 urterekin hasten dira eta 18 urterekin askok benetako arazoekin hasten dira.
"Momentu honetan bi miloi eta erdi alkoholiko daude errekuperatzen. Gaixotasun hau segmentu sozial guztietan ematen da, alkohola dagoen gauzarik demokratikoena da. Izugarria da 17 urteko gazte batek eta 70 urteko batek arazo, sentimendu eta esperientzia berdinak dituztela ikustea".
Egungo gizartean alkoholiko izatea estigma soziala da. "horregatik, taldean part hartzera gonbidatzen zaitutzeko, bakarrik ez zaudetela ikus dezazuen". •