Ekitaldi ugari herrian Emakumearen Egunean

Txintxarri Aldizkaria 2008ko martxoaren 10a


Herriko emakume talde batek antolatutako kontzentrazioarekin hasi zen emakumearen eguna eguerdiko 12,15etan Udaletxe aurrean. "Eredu patriarkalak itotzen gaitu" lelopean emakume eta gizonezkoen arteko berdintasuna aldarrikatzeko eta gaur egun oraindik dirauen matxismoa salatzeko elkartu ziren Lasarteoriatarrak.
Protesta bukatuta trikipoteoa hasi zuten herriko gazte eta ez hain gazteek eguna ondo ospatzen hasteko. Artizar tabernan hasi zuten poteoa, Ilargi eta Jalgi tabernetatik jarraitu zuten jai-giro polita sortuz herrian. Gainera eguraldiak lagundu zuen, zerua nahiko ilun egon bazen ere ttantta pare bat besterik ez baitziren somatu. Dantzan aritu eta gero sabela ondo bete beharra zegoen eta horretarako Ttakun elkartearen lokalean bildu ziren bazkaltzeko, baina festari etenik eman gabe.
Emakumearen eguneko jarduerek jarraitu zuten bazkal ostean. Arratsaldean Aniak kontzertua eskaini zuen Jalgi Tabernan lagunarteko giroan. Monikak lagundu zion tinbalekin erritmoa markatuz. Beraiek sortutako abestiez gain Hertzainak, Manu Chao edo Pikutara taldeen bertsioak entzun ahal izan genituen. Kontzertua emakume guztiei zorionak emanez amaitu zuten bi neska gazteek.
Egunari amaiera emateko "La Venganza de la Petra" antzezlana eskaini zuten EPAko Lan eta Lan Beti Lan antzerki taldekoek. Petra eta bere senarraren arteko hika-mikak modu xelebrean kontatu zituzten Carlos Arnichesen antzerki-lanean. Ia sarrera guztiak saltzea lortu zuten, 515 ikuslek bete zuten aretoa. Ana Mirandaren zuzendaritzapean aritutako taldeak ikuslegoa barre algaran murgiltzea lortu zuen lanak iraun zituen berrogei minutuetan. Aurkezpen polita ikusi ahal izan genuen Kultur Etxean, eguna ondo bukatzeko modukoa.