Ekitaldi ugari herrian Emakumearen Egunean

Txintxarri 2008ko martxoaren 10a

Herriko emakume talde batek antolatutako kontzentrazioarekin hasi zen emakumearen eguna eguerdiko 12,15etan Udaletxe aurrean. "Eredu patriarkalak itotzen gaitu" lelopean emakume eta gizonezkoen arteko berdintasuna aldarrikatzeko eta gaur egun oraindik dirauen matxismoa salatzeko elkartu ziren Lasarteoriatarrak.

Emakumearen eguneko jarduerek jarraitu zuten bazkal ostean. Arratsaldean Aniak kontzertua eskaini zuen Jalgi Tabernan lagunarteko giroan. Monikak lagundu zion tinbalekin erritmoa markatuz. Beraiek sortutako abestiez gain Hertzainak, Manu Chao edo Pikutara taldeen bertsioak entzun ahal izan genituen. Kontzertua emakume guztiei zorionak emanez amaitu zuten bi neska gazteek.

Egunari amaiera emateko "La Venganza de la Petra" antzezlana eskaini zuten EPAko Lan eta Lan Beti Lan antzerki taldekoek. Petra eta bere senarraren arteko hika-mikak modu xelebrean kontatu zituzten Carlos Arnichesen antzerki-lanean.