Herrikoak Bartzelonako Maratoian izan dira

Txintxarri 2008ko martxoaren 10a

Txintxarri

Mikel Artola eta Tomas Arruti lasarteoriatarrak martxoaren 2an, igandean, Bartzelonan ospatu zen Maratoian parte hartu zuten. Mikel Artolak 3h49¨ denbora egin zuen eta Tomas Arrutik berriz, pixka bat lehenago amaitu zuen, 3h29¨ minutuko denborarekin.
Maratoia hiru hilabetetan prestatu dute eta astean bost egunetan entrenatzen aritu dira. Mikel eta Tomas oso gustura gelditu dira, beraien lehenengo maratoia izan baita. Kontatu digutenez, maratoia goizeko 08:30ean hasi zen eta orduan eguraldia fresko samarra izan arren, ondorengo orduetan ederki berotu zuen. Hala ere bidean 5 kilometro bakoitzeko aurkitzen ziren abituailamentuko postuei esker eramangarriago egin omen zitzaiela esan digute.
Lasarteoriatarrei ibilbidea oso polita iruditu zitzaien, Espainiako Plazan hasi eta 42 kilometrotan zehar Bartzelonako leku esanguratsuenak pasa zituzten. Gainera, ibilbidean batukada, kontzertuak etab, zeuden. “1.400 boluntariorekin guztia oso ondo antolatuta zegoen”, beraien esanetan.•