Masa eta porlana ez dira faltako

karmele-garmendia 2008ko mar. 10a, 01:00

Aurten, etxebizitza plan ugariren lekuko izango gara udalak jakinarazi digunez. Plan horiek Loidi-Barren, Zabaleta-Berri, Badagua-Goiegi eta Zataraingoa dira. Datorren urtean, berriz, Kotxeraskoari ekingo zaio. Guztira, 1770 bat etxe. Urtetan etxebizitzen zain egon diren zenbait gazteren beharrak asetuko omen dira. Ziur asetuko direnak behintzat, gure bazterrak, masa eta porlanez lepo jarriko baitira.

Karmele Garmendia

Etxebizitza kontuekin gatoz ostera. Gaurkoan, Lasarte-Orian epe motzean egitekoak diren etxebizitzen berri emango dizuegu. Oraingoz, Loidi-Barren plana da onartu eta bideratu den bakarra, baina urte honen amaierarako beste hiru plan abian egotea eta etxebizitzak eraikitzen hastea espero du udalak. Plan horiek Zabaleta-Berri, Badagua-Goiegi eta Zataraingoa dira. Guztira, 770 etxebizitza inguru, horietatik 550 bat Babes Ofizialeko Etxebizitzak (BOE).
Esan bezala, egun, emaitzak ematen ari den plan bakarra Loidi-Barrenekoa da. Ikusi dezakegun bezala, San Pedro eliza inguruan eta Adarra kalean hasiak dira obrekin. Etxebizitza askeko 120 etxebizitza eraikitzen ari dira. Iñaki Mujika Hirigintza eta Obra batzordeko presidenteak jakinarazi digunez, ordea, Aste Santua baino lehen, BOEei ekingo zaie. Gisa horretako etxebizitzak 100 izango lirateke.
Bideratze proiektuarekin hasia den planetako bat, Zabaleta-Berrikoa da. Lehenengo etxebizitzak eraikitzen udako lehen egunetan hasteko asmoa dagoela jakinarazi digu Mujikak. Bertan, 84 etxebizitza aske eta 151 babes ofizialeko egingo dira. Azken horietatik erdiak, gutxi gorabehera, udal promoziokoak izango dira. Herritarrei zuzenduak, alegia. Gainerako BOE zein aske guztiak promozio pribatukoak izango dira. BOEen banaketa modua argitze aldera, pribatuei dagokienez, Etxebiden izena emanda egon behar da. Zozketa Eusko Jaurlaritzak antolatzen du eta Lasarte-Orian etxebizitza izateko Etxebiden izena eman dutenen artean egingo da. Publikoak, berriz, udaletxeak zozketatuko ditu eta zerrendetan izena eman duten herritar guztien artean egingo da.
Mujikak argitu digunez, jada ez dira etxebizitza publikoak salmentan egongo. "Lurzorua publikoa da, herritar guztion esfortzuz lortutakoa, beraz, egokiena etxebizitza horiek ostera, berrerabiltzea da". Hori dela eta, bi modutan eskainiko dituzte etxebizitzak: 50 edo 75 urtetarako edota alokairuan. "Edonork etxebizitza izateko eskubidea duela uste dut, baina bizitzeko, ez jabe izateko", azpimarratu digu Hirigintzako presidenteak. Udalak argi dauka, lehentasuna denbora gehien zain dauden horiek izango dutela. "Batzuk 7-8 urte daramatzate zain eta beste batzuei Etxebizitza Kontuaren epea bukatzen ari zaie. Batik bat, pertsona horiek saiatuko gara kontuan hartzen".
Aurrez aipaturiko Badagua-Goiegiko planari dagokionez, urbanizazio proiektua onartua dago, lur sailen banaketarako batzordea ere osatu da, baina batzordeak proiektua zehaztea faltako litzateke. Hau da, jabeak nortzuk izango liratekeen erabakitzea. Hori lortuta, eraikitzen hastea besterik ez litzateke geratuko. Plan horretan 100 etxebizitza aske eta 202 BOE egitea aurrikusten da. Kasu honetan ere erdiak izango lirateke udal promoziokoak. Udan agian ez, baina urte honetan bertan eraikitzen hastea espero du Mujikak.
Urte honetarako aurrikusten den hirugarren plana Zataraingoa da. Orain dela denbora dezentetik onartuta dauka udalak, baina jabeen artean arazoak egon zirela eta, atzeratu egin zen. Dagoeneko abian da lur sailen banaketarako prozesua eta urte honetan emaitzak ikusteko aukera izango dugu. Promozio pribatukoak izango dira etxebizitza guztiak. 112 askeak eta 120 babes ofizialekoak.

Garrantzi handiko plana
Kotxeraserako bada herrian izugarrizko eragina izango duen proiektu bat. Izan ere, 1000 etxebizitza egitea aurrikusten da. 596 etxebizitza aske eta 405 babes ofizialeko egingo dira, azken horiek guztiak udal promoziorako izango dira.
Hasiera batean, etxebizitza gehiago egiteko asmoa zegoen, baina lur eremuarekin ez zetorren bat etxebizitza kopurua eta plana moldatu egin behar izan da. Hori dela eta, pixka bat moteldu egin da proiektua, baina, Mujikak esandakoaren arabera, urte honen amaierarako dokumentu guztiak lortzea espero dute eta datorrenean eraikitzen hastea. "Garrantzi handiko plana izango da herriarentzat. Beharra badago eta hemendik hiruzpalau urtetara eginda egongo diren 1000 etxebizitza horiekin aseko dira herritar gazteek dituzten behar horiek".

Etxebizitza hutsen arazoa
Lasarte-Orian, beste hainbat herritan bezala, alokairurako etxebizitzen beharra nabaria da. Etxeetako jabeek, arrazoiak arrazoi, ez dute etxebizitza merkaturatzen. Mujikak azaldutakoaren arabera, herrian 2000 etxebizitza huts daudela esaten duenik bada, baina bere ustez gehiegitxo esatea da. "Zaila da etxebizitza huts bat zer den zehaztea, baina nik 500 bat izango direla uste dut, eta halere, asko dira.". Arazo horri aurre egiteko, kontrola behar dela azpimarratzen du. "Guztion eskubidea den neurrian, ezin da onartu jendeak luxuz etxebizitza huts bat izatea. Gaur egun, ordea, ez dugu tresnarik kontrol hori gauzatzeko eta etxebizitza horiek merkatura atera ahal izateko".
Etxebizitza hutsa izatea erabakitzen duen horri isun bat jartzea hobesten du Hirigintzako presidenteak, baina hori gauzatu ahal izateko, babesa emango dien legea behar dutela nabarmentzen du. "Zenbait udal, besteak beste, Donostia eta Gasteiz, saiatu dira zerga altuagoak jartzen hutsik dauden etxebizitza horietako jabeei, baina eurek arautu dutenez, ezin izan dute behar bezala gauzatu. Azken batean, ez duzu eskubiderik norbaiti etxe huts bat daukala esateko". Eta nik galdetzen dut: nola da posible batzuk etxe bat baino gehiago izatea eta beste batzuk bat bera ere ez? Ez al litzateke hobe kontrolak hor jartzea?•