Etxabeetako plan arrakastatsua, aurrera

Txintxarri 2008ko martxoaren 10a

Etxabeetan etxebizitzak egiteko lizentziak orain dela hiru urte hasi zen banatzen udala. Ordenantza osoan, 90 bat lizentzia banatu direla eta, proiektuarekin jarraitzea aurrikusten da.

Lehenengo ordenantzan, udalak hiru urteko edota 100 lizentzia eman arteko epea zehaztu zuen etxabeetan etxebizitzak egin ahal izateko. Joan den urteko urrian bete ziren hiru urte eta 90 lizentzia inguru eman dira. Hala ere, arrakasta ikusita, 100 lizentzia horiek eman arte jarraitzea erabaki dutela azaldu digu Iñaki Mujikak. "Gure asmoa, guztia nola joan den aztertu eta egokia izanez gero, berriz beste ordenantza bat abian jartzea da".
Proiektua aurrera eraman zutenean, argi zituzten helburuak. Gazteek independizatzeko zituzten arazoak zeintzuk ziren aztertu eta horiek konpontzen saiatu nahi zuten, kontuan baitzuten Babes Ofizialeko Etxebizitzak denbora batez ez zirela eraikitzekoak. Etxabeetako lokal mordoa hutsik zeudela ikusirik, eta merkataritza aldatzen ari zela jakinik, alperrik galdutako ziren lokal horiei probetxuzko erabilpena emateko ideia egokia zela pentsatu zuten. "Zenbait merkatarik beldurra bazuten ere, argi geneukan legean erabakitakoak ez zuela dendak ixtea bultzatuko, bai ordea, bertako gazteentzat onuragarria izango zela. Helburua betetzea lortu dugula uste dut eta oso pozik gaude", aitortu digu Mujikak.
Dena dela, etxabeetan etxebizitzak egiteko lizentzia lortuta, negoziorako aukera ikusi du jende askok, eta alde horretatik, kontrolerako tresna gehiagoren beharrean ibili direla azaldu digu Mujikak. Udalak ahal duena egin duen arren, legez kanpoko zenbait kasu egon dira bere arabera. "Jakin dugunez, zenbait lokalen prezioak izugarri igo ziren eta diru beltza ere erabili zen". Bi kasu atzematea lortu dute eta epaitegietan dabiltza orain.
Dirudienez, lokal batean etxebizitza egiteko lizentzia eskatzean, jabeak hitzarmen bat sinatzen du udalarekin. Hitzarmen horren arabera, lokalaren jabeak saltzea erabakitzen badu, lokala tasatua dagoen prezioan egin behar du. Hau da, BOE baten 1,4ko tasa ezartzen da, momentu horretan BOE baten metro karratuaren prezioan oinarritua. Horrez gain, erosteko lehentasuna udaletxeak dauka. Udala kasu gehienetan erosten saiatu da jabeek negoziorik egiteko modurik izan ez zezaten. "Hemen udalak argi utzi du bere asmoa negoziorik ez sortzea izan dela eta hori betearaztea. Saiatu gara kontrola eramaten, baina esan bezala, genituen tresnekin ahal duguna egin dugu", nabarmendu digu Mujikak. Ordenantza berrian, Lurzoruaren Lege berria dela eta, kontrolerako baliabide gehiago izango dituztela dio.•