1. Bakarrik sartu al zara etxebizitzan?
Ez, bikotea dut eta biok elkarrekin bizi gara. Lana ere biok egiten dugu, beraz, gastuei aurre egiteko bi gara.
2. Herrikoak al zarete?
Biok kanpotik etorriak gara, ni Donostiatik. Hala ere, 6 urtez bizi izan naiz Lasarte-Orian.
3. Nolatan erabaki zenuten Lasarte-Orian etxabe batean bizitzen jartzea?
Egun, gazteok eskura daukagun aukera bakarrenetakoa da. Etxebizitza pribatuen prezioak ikustea besterik ez dago. Babes Ofizialekoei dagokienez, berriz, zozketa dela eta, gainerako traba guztiak direla eta, denbora asko galtzen duzu zain eta ez da ziurra tokatzea.
4. Aukera asko aritu al zarete aztertzen?
Etxebizitza ezberdinak begiratzen aritu gara, bai, eta gure lan baldintzak direla eta, onar genezakeen aukera bakarra zen. Hemen sartzeko aukera ikusi genuen eta aurrera jarraitzea erabaki.
5. Negoziorako biderik ikusi duenik ere izan da.
Egongo dira kasuak, baina guri ez zaigu tokatu. Bigarren eskuko etxebizitzen prezioak izugarrizkoak iruditu zitzaizkigun, ze esanik ez berriena, lokalarena, ostera, onargarri egin zitzaigun.
6. Etxabeez hitz egitean, askori etxebizitza kaskarraren irudia etorri ohi zaio.
Handitasunari erreparatuz soilik, 65 metro karratu dauzka, ez da etxe txikia eta gainerakoan etxebizitza duin batek bete behar dituen baldintza guztiak betetzen dituela ikusten dugu.
7. Alde txarrek, besteak beste, kaletik gertu egoteak, zer pentsaturik eman al dizue?
Etxabe bat izango da, baina ez dugu arazorik ikusten. Gu bizi garen lekua oso lasaia da eta ez gaitu kezkatzen horrek. Oraingoz ez zaigu ezer gertatu eta hala jarraitzea espero dugu. Oso gustura gaude, ez diogu buelta askorik eman horri.
8. Etorkizunari begira, etxez aldatzeko asmorik bai?
Batek daki! Hori gerora ikusiko dugu. Gaur egun, behintzat, ez dugu mugitzeko asmorik.