Txintxarri
Zubietako gainetan (Arzabaletan) Gipuzkoako hondakinen balorizazio energetiko plantaren ezarpenerako Hiri Antolamendurako Plan Nagusiko azken aldaketa puntualerako alegazio bat prestatzen ari da. Hau da orain artean, Udalak eman duen azken urratsa. Udaletik adierazi digutenez, “2004. urtetik, Aritzeta eta Zubieta erraustegiaren kokaleku posibleak izan zitezkeela jakin genuenetik Udalak gai honen gainean etengabe lanean aritu da. Udaletik espedientearen jarraipena egin eta dokumentu guztiak alegatu ditugu, baina ez dugu erantzun bakar bat ere jaso”.
Lasarte-Oriako Udalak 2006. urtean zehar maneiatzen ziren kokalekuen alegazioak egin zituen, tartean Arzabaleta aurkitzen zen. Kokaguneak gaitzetsi zituen, aukeraketa hori ez zegoela irizpide teknikoetan ezta ingurugirokoetan oinarrituta argudiatuz.
Ondoren, lege berri bat onartu zen. Lege honek interesa duten administrazioei kontsultarako tramitea exijitzen die, 45 egunetako epea emanez interesa duenari. Epea amaitzen denean, Inguruneko Organoak Erreferentzi Dokumentu bat lantzen du. Bertan galdeketako emaitzak jasotzen ditu eta dokumentu hau garatu nahi den proiektuan txertatu behar da.
2007ko abuztuan egin zen galdeketa eta aurtengo otsailean Hiri Antolamendurako Plan Nagusiko Aldaketaren Aurrerapen Puntualerako dokumentua kaleratu da. Hala ere, “honek ez du Erreferentzi Dokumentua jasotzen, beraz araudia ez da bete”. Horregatik, Lasarte-Oriako Udalak azken tramite honen aurka ere alegatuko du. •