Bozkatzera noa eta hautes-mahaikide batek kamisetan "independentzia aurrera" leloa dauka idatzita; eta nere artean: gertatu dena gertatuta -Isaiasen azken hilketa beldurgarria- egon liteke independentziak bide horretatik aurrera egingo duela pentsatzen duenik?
Azken aldiko atxilotze, legez-kanporatze, epaiketa eta espetxeratze espiralak izan duen erantzun honek haserretu bai baino ez nau harritu.
Harrigarria egiten zaidana da, lehenik eta behin, independentziaren aukera sendotzen duela usteak; izan ere, itsua behar da izan ez ikusteko ETAren jardunak, urtetan, nazionalismo espainarrari baino ez diola mesede egin.
Harritzen nau determinismo makabro hori ekidin ezina dela pentsatzeak; Isaias hil duenak nahi izan duelako tirokatu du, ez ezinbestez; inork ez dio behartu tiro egitera; eta agindu dionak berdin har zezakeen inor ez hiltzeko erabakia.
Harritzen nau euskal nazionalisten batasuna lortu ahal dela ustea ETAk bere horretan jarraitzen duen bitartean; ez independentziak, ezta "erabakitze-eskubideak" ere, ez gaituzte bilduko baten batek berea lortzeko pistolen mehatxua erabili ahal badu orain eta erabaki-eskubidea gauzatu ondoren.
Alternatibak egon badaude, ETAkide izandakoak argitaratu berri dituztenak barne.
Ez dago ezinbestekoa den biderik, izugarrizko entzungorrak besterik ez.
Kike Intxausti
15.877.036-K