Txintxarri
Ostegunean udal batzarreko gai zerrendako lehenengo bi puntuak eragozpenik gabe erabaki ziren: batetik, urtarrila eta otsaileko bilkuren aktak onestu zituzten eta bestetik, Lasarte-Oriako Udalaren eta Michelin España Portugal S.A. enpresaren artean izenpetzeko den hitzarmenaren onestea. Azken honen harira, Ana Urchueguia alkatesak eskerrak eman zizkion Michelin enpresari, hitzarmen honek Oria ibaiaren ondoan pasealeku bat dohainik egiteko aukera eskaintzen duelako.
Gai-zerrendako 3. puntuan EAE-ANVk aurkeztutako mozioa jasotzen zen: Igor Portu eta Mattin Sarasola Seguran izandako atxiloketen ondoren jasandako ustezko torturak salatzea. Gai hau izan zen luzeena eta istilutsuena. Ezker Batuak eta EAJk bakoitzak bere enmienda, testu alternatiboa, aurkeztu eta defendatu zuten. Alkatesa eta gainontzeko bozeramaileen artean hainbat hitz trukaketa izan ondoren, bozka egin zuten. Ez testu alternatiboak, ez EAE-ANVk aurkeztutako mozioa ez ziren onartu. Azken honen emaitzak: EAE-ANV alde (3), LOHP (1) abstenitu egin zen eta gainontzeko guztiak kontra agertu ziren (11).
Atez ateko sistema
Lasarte-Orian atez ateko bilketa sistema, esperientzia pilotu bat egin ondoren, martxan jartzea erabaki da bilkuran. Lasarte-Oria Bizirik taldeak udaleko alderdi guztiei ohiko bilkura honetan mozio bat aurkeztu eta eztabaidatu zezaten eskatu zien. Ricardo Ortega Ezker Batuako zinegotziak testu alternatibo bat aurkeztu zuen. Bata eta bestearen arteko desberdintasuna esperientzia pilotoan datza eta bilkurako eztabaidak alde horretatik joan ziren.
EAE-ANVko Txanpi Baztarrikaren ustez zaborra guztion arazo bat da, beraz "denon artean irtenbide bat eman behar diogu politika alde batera utziaz. Ez gaude esperientzia pilotuak egiteko momentuan, berehala hasi behar dugu atez ateko sistemarekin", honen harira eta Ricardori zuzenean, "nahi izanez gero, lan honetan bidelagun izango gaituzu" eta Alkatesari galdera bota zion zuzenean: "Atez ate bai, errausketa bai baina Zubietan ez. Zuentzat bateragarriak al dira bi sistemak?".
Hiritarren plataformako bozeramaileak Lasarte-Oria Bizirik taldearekin bat etorri da: "atez ateko sistema ezarri behar da esperientzia piloturik egin gabe".
Iñaki Mujika sozialisten bozeramaileak gai honekiko euren jarrera azaldu zuen: "Momentuz, sistema guztietan errausketa dute azkeneko urratsa bezala. Gure helburua erraustegira ahal den gutxiena eramatea da. Horretarako, jendea konbentzitu eta sentsibilizatu egin behar da". Atez ateko bilketari dagokionez, "esperientzia pilotu bat beharrezkoa ikusten dugu eta emaitza onak lortzen badira, herriko gainontzeko auzoetara zabaldu ahal izango da".
Lasarte-Oria Bizirik taldeak herrian gai honekiko galdeketa bat egin dadin eskatu zion udalari eta Mujikak aurreratu du aurten burutuko dela.•