Lasarte-Orian atez ateko zabor bilketa ezartzea erabaki da

Txintxarri 2008ko mar. 14a, 01:00

Atzo Udaletxean ospatu zen ohiko bilkurari minutu bateko isiltasunarekin ekin zioten, aurreko ostiralean Arrasateko zinegotzi ohiaren erailketarengatik. Ondoren, herriari dagozkien gaiei buruz hitz egin eta eztabaidatu zuten ia hiru orduz.

Ostegunean udal batzarreko gai zerrendako lehenengo bi puntuak eragozpenik gabe erabaki ziren: batetik, urtarrila eta otsaileko bilkuren aktak onestu zituzten eta bestetik, Lasarte-Oriako Udalaren eta Michelin España Portugal S.A. enpresaren artean izenpetzeko den hitzarmenaren onestea. Azken honen harira, Ana Urchueguia alkatesak eskerrak eman zizkion Michelin enpresari, hitzarmen honek Oria ibaiaren ondoan pasealeku bat dohainik egiteko aukera eskaintzen duelako.
Gai-zerrendako 3. puntuan EAE-ANVk aurkeztutako mozioa jasotzen zen: Igor Portu eta Mattin Sarasola Seguran izandako atxiloketen ondoren jasandako ustezko torturak salatzea. Gai hau izan zen luzeena eta istilutsuena. Ezker Batuak eta EAJk bakoitzak bere enmienda, testu alternatiboa, aurkeztu eta defendatu zuten. Alkatesa eta gainontzeko bozeramaileen artean hainbat hitz trukaketa izan ondoren, bozka egin zuten. Ez testu alternatiboak, ez EAE-ANVk aurkeztutako mozioa ez ziren onartu. Azken honen emaitzak: EAE-ANV alde (3), LOHP (1) abstenitu egin zen eta gainontzeko guztiak kontra agertu ziren (11).