Mus Txapelketa Euskal Herriko IV. Mus Txapelketa

Txintxarri 2008ko martxoaren 14a

Iparra-Hegoa elkarteak antolatutako kultur astearen barruan kokatzen da Mus Txapelketa hau. Iparra-Hegoak duela hamahiru urte hasi zuen bere ibilbidea eta antolatu dituen kultur asteetan, gai ugari jorratu dituzte. Esate baterako, iaz Euskal Diasporari eskaini zioten aste kulturala.
Orain lau urte hasi ziren Mus Txapelketa hau antolatzen, "joko honen bidez ere Euskal Herria batzeko urratsak eman zitezkeela konturatu baikinen".
Lasarte-Orian Xirimiri elkartean jokatuko da martxoaren 28an, ostirala, 22:00etan. Interesa duen bikoteak egunean bertan esandako orduan azaldu dadila Xirimiri elkartera.
Aurtengoan, indar gehiago eman nahi diote eta bai antolaketa baita sari aldetik ere, esfortzu berezi bat egiten ari dira. Euskal Herriko Mus Federazio legezko bat ere sortu nahi dute eta horretan ere emanak dituzte hainbat urrats.
Txapelketa hiru urratsetan banatuko da: eskualdekako kanporaketak, herrialde bakoitzeko final-aurrekoak eta final nagusia.
Eskualde bakoitzetik, bi bikote sailkatuko dira herrialdeko final-aurrekorako. Baina eskualdetasuna oso ezberdina denez, zonalde bakoitzean, herrika antolatuko da kanporaketa.
Herrialde bakoitzetik bi bikote sailkatu behar dute, final nagusirako. Horrela, 14 bikote izango dira, zazpi herrialde izanik.
Finalerako lekua, aurten Seguran izango bada ere, urtez urte eta herrialdez herrialde aldatzen joango dira.

Sari banaketak
Bikote bakoitzak 20 euro jarriko ditu izena emateko momentuan, kanporaketa jokatzen den lekuan.
Partaide guztiei banatuko zaizkie, Kontseiluaren logoa duen karta joko bat eta Errioxako ardo botila bana, Iparra-Hegoa logoarekin, kanporaketa egunean bertan.
Herrialde bakoitzetik finalerako sailkatzen diren bi bikoteek, sariak izango dituzte.
Finaleko partaide guztiek izango dute oparia; bikote txapeldun ordeak, 1.000 euroko diru saria, diplomak eta eskuerakutsiak; bikote txapeldunak, 3.000 euroko diru saria, txapelak, diplomak eta eskuerakutsiak.•