8 senide eta ortuaren arteko parabola

rufino-iraola 2008ko martxoaren 14a

Gu zortzi senide ginen, eta zortziona zen ortua. Besterentzat lan egin behar izan genuen urte askoan, noizbait ortua geure kontura lantzea lortu genuen arte. Ordura arte ederki konpontzen ginen; indarrak batzea zen gure kezka nagusia, baratzea lehenbailehen eskura genezan. Eta, sinesgaitza bada ere, orduantxe, ortua e banandu zen gure familia.
Belar eta landare mota asko zegoen baratzean. Batzuen ustez, gehiegi; eta oso txarrak, gainera. Horregatik, ezinbestekoa zen aitzurra gupidarik gabe sartu eta komeni ez ziren landareak sustraitik erauztea. Beste batzuen iritziz, ordea, ez zen metodorik onena aitzur-kolpeka ortuari erasotzea; batetik, sarri askotan bereizi ezin direlako ona eta txarra; eta, bestetik, batzuentzat on ustekoa dena besteek txartzat jo dezaketelako.
Landaketa berriekin ere berdin gertatzen zen: batzuen ustez, porrua eta tipula landatu behar zen ugari; besteek irizten zioten azak eta berakatzak ere egin behar zirela, edo letxua eta tomateak zirela egokienak lur klase hartako. Adostasunik ez zegoen inoiz ezertan. Orduan, ausartenek eta gogorrenek (burugogorrenek) berea egin behar izaten zuten: euren gustuko landareei ura eta ongarria bota, eta besteak aitzurrarekin ipurtzulotik atera eta sasira bota, seniderik gehienak jokabide horren kontra bazeuden ere, baratzea ezer emateko gauza ez zela geratu zen arte.