Froilan Elesperen oroimenez

Txintxarri 2008ko martxoaren 28a

Froilan Elesperen heriotzaren zazpigarren urteurrena beteko da martxoaren 21ean. Lasarte-Oriako alkateordea izandakoaren oroimenezko meza-ospakizuna egin zuten Brijidatarren komentuan eta ondoren lore-eskaintza egin zioten Illarraultzeta hilerrian larunbatean, hilaren 15ean.
Froilanen oroimenezko meza-ospakizuna Xabier Andonegik gidatu zuen, Fernando San Martin, Irungo zinegotziak testu bat irakurri zuen eta Rafael Salinas lasarteoriatarrak biolinarekin lagundu zuen mezan. Ostean, hilerrira igo ziren guztiak. Tomasi alarguna, Josu eta Andoni semeak, PSE-EEeko politikari ugariz babestuak egon ziren uneoro, besteak beste: Ana Urchuegia eta Lasarte-Oriako Udaleko zinegotziak, Barbara Dührkop eurodiputatua eta Enrique Casasen alarguna, Alberto Buen, Miguel Huertas diputatu ohia, Eduardo Madina kongresuko diputatua eta Miguel Buen, Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusia. Azken honek hitz batzuk eskaini zituen: “Gure artean egongo bazina Isaias Carrascorengatik egingo zenuke negar eta azken hauteskundeetan lortutako garaipenarengatik poztuko zinakeen, bereziki, Gipuzkoan lortutako emaitzengatik. Eta garbi izan dezazun sozialistak gure ideien alde eta ETA garaitu arte lanean jarraituko dugula”.