Gipuzkoako taxi-telefono bakarraren arrakasta handia

Txintxarri Aldizkaria 2008ko mar. 28a, 01:00

Abenduan martxan jarritako taxi-telefonoak 943 400 500 zenbakia du eta abendutik hona hileko zerbitzuen kopurua hirukoiztu egin da .

Abenduaren 3an jarri zen martxan Gipuzkoako taxi-telefono bakarraren hileko zerbitzua eta hilabete horretan 709 zerbitzu egin baziren, otsailean ia 1.500era iritsi dira, guztizko zenbatekoei begiratuta. Igoera, beraz, % 42koa izan da, eta horrek erakusten du arrakasta handia izan duela Espainiako Estatuan nahiz nazioartean aitzindari den esperientzia honek. Hainbat autonomia erkidegok adierazi dute proiektu honen inguruko interesa, baita beste herrialde batzuek ere.

Buruntzaldeko datuak
Buruntzaldean, 358 zerbitzu izan ziren abenduan, urtarrilean 489 eta otsailean 780 izatera iritsi dira. Sektorerik onuradunenen artean sagardotegiak daude, horietan 691 zerbitzu egin baitira. Horri esker, aurreko urteetako arazo larria konpondu ahal izan da, sagardotegietako bezeroek ez zutelako inolako aukerarik izaten taxia aurkitzeko. Horregatik, aurrikus daitekeenez, datu horiek berehalako igoera izango dute, GFAk inguru horretako ostalaritzako, hoteletako eta landetxeetako ordezkariekin izandako bileren ondorioz, baita ospitaleekin, zentro medikoekin, zaharren egoitzekin eta eguneko zentroekin. Etorkizunean, elkarrizketak aurrikusi dituzte Buruntzaldeko enpresa ertain eta handietako zuzendaritzetako kideekin.
GFAko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren helburuen arabera, telefono bakarrak Gipuzkoan dauden 686 baimenak hartu nahi ditu barne.

Zerbitzu berriak
Taxi-telefono bakarra 24 orduz ari da lanean, urteko egun guztietan. Bezeroek tamaina bereziko ibilgailuak eska ditzakete, mugikortasun mugatua duten pertsonentzat egokitutakoak edo animaliak, zama astunak eta abar onartzen dituztenak. Enpresetarako zerbitzua kontratatzeko aukera ere bada, baita erreserbak aurrez egiteko eta zuzenean taxi-gidari jakin bati esleitzea programatzeko ere. Helburua lurraldeko eskari guztiari erantzutea da. Hori dela eta, deia jaso duen udalerrian ez bada libre dagoen ibilgailurik, operadoreak bezeroak deitu duen tokitik hurbilen dagoen taxia esleituko dio bezeroari. Izan ere, hurbilen dauden eskualdeko udalerriak bilatuko ditu sistemak, libre dagoen ibilgailuren bat aurkitu arte.
GFAk 930.000 euro gastatu zituen iaz bitarteko teknikoetan eta kudeaketaren ingurukoetan, sistema berria ezartzeko. 2008ko aurrekontuan, aldiz, beste 995.000 euro daude zabaltzen jarraitzeko eta beste profesional batzuk barne hartzeko.•