Aste Santuan joan etorrian ibili gara, beste askoren antzera. Nik ere kanpoan ikusiak, ekarriak eta haize garbiak ondo gorde ditut, gogoan batzuk eta argazkietan besteak.
Egunerokora itzuli eta egunkariei begira ari naizela, hor jakin dut Donostialdean bi urtetan bidegorri segurua egin daitekeela. Eguzki talde ekologistak, bizikleta herritarren ohiko garraio-bide izan dadin dauden zailtasunen azterketa egin du. Bide gorrien erabilera sustatzeko planekin nazkatuta, urte luzetako planik ez dute gehiago nahi, borondate politikoarekin eta dagoen diruarekin bi urtetan Lasarte-Oria, Hernani eta Orereta Donostiarekin komunikatzeko bidegorri sare seguru bat lor daitekeela irakurri dut egun hauetan egunkarian.
Urumeako autobidea, Aritzetako lotunea, A-8ko hirugarren bidea… Hainbeste errepide eraikitzeko diru publikoa dagoenean, herri hauek bidegorriz lotzeko dauden puntu beltzak gainditzeko ahalmenik ez dute erakutsi. Nahien agendan, hau da, Agenda 21eko foroetan bidegorri sarea sarea egiteko iradokizuna jaso zuten. Baina oraindik autoei bakarrik egiten zaie leku, oinezkoak edo bizikletaz joan nahi duenak jai dauka. Bizikletaz joateko inguruko herriekin erabat bakartuta gaude.
Edorta eta Eneko Kintanilla eta Esteban Martinez 10-13 urte zituztela, duela urtebete pasatxo, sinadurak biltzen aritu ziren kalean gauza bera eskatzen. Beste gauzetarako dirua jartzen badute zergatik ez bidegorria egiteko? galdetzen zuten (txintxarri 06/10/02,561zb). Bidegorrien aldeko euren eskariak gaurkotasunik ez du galdu.