Iragan ostiralean Arrasaten izandako gertaera larriaren aurrean, Lasarte-Oriako Udaletxeko Ezker Abertzaleko zinegotzi talde honek, honako adierazpenak egin nahi ditu: lehenik eta behin geure samina eta tristura adierazteaz gain, gure doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu bere senitarteko eta lagun guztiei. Etengabeak dira ETAk eragindako bortxa bidezko ekintzak gaitzetsi ditzan Ezker Abertzaleari luzatzen zaizkion ezinbesteko exigentziak.
Eskaera horiek gure kriminalizazioa eta joko politikotik kanpo uztea bakarrik bilatzen dute eta aldi berean, alde bateko bortizkeria bakarrik gaitzestera mugatzen dira. Gatazka politiko eta armatuaren sustraietara jo eta hura konpontzeko benetako saioak ez dira egiten.
Euskal Herria etengabeko samindura eta nahigabea sorrarazten dituen gatazka gordin bat jasaten ari da urte luzeetan zehar.
Elkarrizketa prozesu saiatu baten haustura gertatu ondoren, salbuespen egoera bortitz bat bizi dugu.
Konfrontazio jarrerak nagusitu dira, baina gaur inoiz baino irmoago, adierazi nahi dugu, gatazkaren sustraietara jo behar dela. Alde batekoen aurkako gaitzespen hutsak ez du arazoa konpontzen.
Euskal Herrian marko demokratiko bat eraikitzea bideratuko duen akordio politiko batek soilik lortuko du gatazka politiko honi irtenbidea ematea.
Agerikoa da Euskal Herrian eskenatoki demokratiko bat lortzea ezinbestekoa dela; askatasunean, herri honi eta herritar guztioi dagozkigun eskubideen aitortzean eta herri honen gehiengoaren erabakiarekiko errespetuan oinarritua.
Eta hori inolako ordainketa politikorik gabe arau demokratikoen baitan, eta oraindik ere gauzagarria da.
Ardura handiz jokatzeko garaiak dira. Ez dugu sekula gure herriaren askatasun eta bake nahia manipulatuko, ez eta horiekin jolastuko ere.
Guk, lanean tinko jarraituko dugu, gure herriaren eskubideen alde, eta Lasarte-Oriaren alde, eta nola ez, bai eta gatazka politiko eta armatua eta bere ondorio guztiak behin betiko gaindituko dituen soluziobide eta akordio politiko baten alde ere. Horixe baita Euskal Herriko gehiengo sozialaren nahia, eta hori delako gure herriak merezi duena.
Denok ere, ardura handiz joka dezagun dei ozena luzatu nahi dugu; Alderdi politikoek bereziki eta euskal gizarteko eragile guztiek ere; Konponbidera eramango gaituen benetako prozesu baten aldeko hautua egin beharra dago, gatazkaren erroetara jo eta gertakari hauek zein gatazkak sortzen dituen indarkeria adierazpen guztiak gaindituko dituen eskenatoki bat lehenbailehen lor dezagun.
Gure esku dagoen guztia egingo dugula agintzen dugu, gatazka hau behin betiko konponduko duen akordio politiko zabal batera iritsi gaitezen, eperik laburrenean."
Lasarte-Oriako Ezker Abertzaleko udal zinegotzi taldea